Memoria bizia, herri biziarentzat
Egia, aitortza, memoria eta justizia aldarrikatuko dituzte, aurten ere, Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrenean. Memoria "modu anitzean" ulertzeko egitaraua prestatu dute udalerriko talde eta eragileek.
Eguaztenean 86 urte beteko dira faxisten hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zutenetik. Azoka eguna zen, eta 5.771 bonba jaurti zituzten Kondor Legioko eta Italiako Aviacion Legionariako hegazkinek. Gernikako eta inguruetako bizilagunak babeslekuetan gorde ziren arren, ehunka erail zituzten.
Albistea nazioartean zabaldu zuten hainbat gerra kazetarik, tartean George Steer britainiarrak. 1937ko apirilaren 26an udalerrian gertatutakoa nazioartean ezagutzera eman zuen, eta, ohi legez, haren bustoaren aurrean omenaldia egingo diote aurten ere. Ekitaldiagaz, gainera, gerra kazetarien lana ere omenduko dute udal arduradunek. Steerren bustora joan aurretik, baina, Jose Labauria 1937ko alkatearen eskulturaren aurrean lore eskaintza egingo dute.
Urteurreneko momenturik hunkigarrienetako bat 15:45ean ailegatuko da, izan ere, ordu horretan, aktibatuko dute sirena Astratik eta Pasealekutik. Loben Astrako sirena Oihana Goiriena Pablo Gonzalezen bikoteak piztuko du, eta Gernika Batzordearen Pasealekukoa, berriz, Martxoak 3 elkarteak. “Pabloren kasua hartuta, guk bizitako gerra beste leku batzuetan ere badagoela eta gatibutza eta askatasun eza oraindik ere existitzen direla gogoraraztea da asmoa. Bestetik, Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatutakoa gogoraraziko dugu. Greban zeuden langileen batzar baketsu bat desegiten saiatzean, espainiar polizia armatuaren ekintza hiltzailearen ondorioz hildako edo kaltetutako pertsonek eta haien senideek osatzen dute elkartea, eta memoriari buruzko lana egiten ari dira. Argi geratzen da zer den guretzako Gernikaren memoria gogoratzeko eguna; ez dezala izan solik iraganeri begiratzen dion zer edo zer, baizik eta orainari eta etorkizunari begiratzen diona”, nabarmendu dute.
Bonbardaketaren lekukoen eta senideen bazkaria ere egingo dute, baita lore eskaintza ere. Kandelen ibilbideaz gain, aurten Gernika Garretan kale antzerkia bueltatuko da.
Denetariko ekintzak
Urteurrenaren eguna eguaztena bada ere, aurretik hasita eta egunaren ostean ere, ekitaldi ugarik hartuko dute udalerria. Beste urteetako hainbat gauza mantendu dituzten arren, berritasunak ere badaude aurten. “Beste begirada bat ematen saiatzen gara, memoria modu anitzean ulertzeko eta bonbardaketa efemeride batean soilik ez geratzeko”, azaldu dute Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek.
Hala, bihar, Sare Gernika-Lumok emakumearen gaztakan jarriko du arreta. Urtero bezala, oroimen ibilbide baten bitartez egingo dute emakumearen gatazka erradiografia. Zehaztu dutenez, 90 emakumeren izenetik gora bildu dituzte lanean: ebakuaturikoak, erbesteratuak, iheslariak, presoak izanikoak…. Hamarkada hauetan “gatazka eta bere ondorioak pairatu dituzten emakumeen izenak eta izanak” direla plazaratuko dituztenak azaldu dute, Gernika eta inguruko herrietakoenak.
Aurten, berritasun modura, Drogeria Amutiok 75 urte betetzen dituela eta, “denda baten historiaren bitartez herriko historiaren kontakizuna” egitea aurreikusi dute. Bestetik, Jon Rementeriak egindako Gernika Bizirik abestiaren bideoklipa egin du Larraitz Zuazok, eta hori ere aurkeztuko dute urteurrenaren bueltan.
Anitza da, baita ere, kultur etxeak, Bakearen Museoak eta plataformak urteurrenaren harira prestatu duten erakusketen eskaintza; Iñaki Berazategiren eta Maitane Azurmendiren lanak aurkeztu dituzte dagoeneko, eta ikusgai daude Foruen plazan jarritako Aitor Aranaren lana eta kale erakusketa.
Urteurrenagaz batera, Gernika Gogoratuzek 33. Kultura eta Bakearen jardunaldiak prestatu ditu, horietan nazioarteko gaiak jorratzeko.
Gernika Memoriaren Lekuko plataformakoek diotenez, bere burua herri bizitzat duenak, “memoria bizia jasoa” izan behar du; “are gehiago, bere historia garaikidean hainbesteko egunerokotasuna duen tragedia pairatu badu”. Horregatik, gaur egun ere, “egia, aitortza, memoria eta justizia» aldarrikatzen jarraitzea dagokiela adierazi dute.