Eskolarteko Dantzari Egunak 1.313 ikasle batuko ditu domekan, Gernika-Lumon
11:00etan jarri dute hitzordua Pasealekuan, eta, bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino. 11:30ean hasiko dute dantza saioa merkatu plazan.
Pandemiaren ostean, egin barik egon den Eskolarteko Dantzari Eguna berreskuratuko dute domekan (apirilak 23) Gernika-Lumoko ikasleek. Eguraldi aurreikuspenen arabera, euria iragarrita dagoenez, Merkatu plazan batzeko hitzordua jarri dute antolatzaileek.
Udalerriko ikastetxeetako 1.313 ikasleek parte hartuko dute dantza saioan, 3 eta 15 urte bitartekoek hain zuzen ere. Allende Salazar Herri Ikastetxeko, Barrutia Eskolako, Mertzede Ikastetxeko, San Fidel Ikastolako eta Seber Altube Ikastolako ikasleak izango dira proragonistak. Eurekin batera, Segundo Olaeta Musika Eskolako trikitixa eta txistulari taldeko 15 ikasle egongo dira, baita Errenteriako Gazteak Txistulari Taldeko kideak ere.
11:00etan jarri dute hitzordua Pasealekuan, eta bertatik abiatuta, kalejiran joango dira dantza egingo duten lekuraino. Dantza saioa 11:30ean hasiko dutela jakinarazi dute udaleko arduradunek.
Euskal Herriko dantzen ikuskizuna eskainiko dute ikasleek, dantza ezberdinak plazaratuz. Hain zuzen ere, bost multzotan banatu dute dantza saioa. Lehenengo, Durangoko dantzari dantzak egingo dituzte (Agintariena eta Ezpata joko txikia); gero, Arabako, Lapurdiko eta Nafarroako dantzen txanda izango da (Makil joko I, Makil joko II, Txulalai, Zapatain dantza eta San Petrike); Gipuzkoako Makil txiki eta Durangoko dantzak ere dantzatuko dituzte hirugarren zatian (Euzko dantza, Arku dantza eta zinta dantza); horien ostean, Fandagoa eta Arin-arina dantzatuko dituzte, eta saioagaz amaitzeko, Benafarroako martxagaz agurtuko dituzte ikasleak. Ikasturte osoan landutakoa erakusteko eguna izango da, beraz, domekakoa Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
30. urtez ospatuko duten egunean, euskal ohiturak lantzea, umeen arteko harremanak bideratzea eta familia giroko ekitaldietan hizkuntza ohiturak jorratzea izango dute helburu, eta, horretarako, ekitaldi “erraldoia” antolatu dute. Hala, “umeen gizarteratzea euskaraz eta emozioz beteriko egun bategaz” gauzatu gura dute.