Anuar Gomez Garcia izango da EAJren Muxikako alkategaia
EAJren zerrendaburuak udalerria "berraktibatu" gura du, "Muxika, Ibarruri eta Gorozikako jarduera ekonomikoa, baserrien mantentzea eta basogintza bultzatuz".
Anuar Gomez Garcia izango da Muxikako, Ibarruriko eta Gorozikako EAJren zerrendaburua maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, eta udalerria “berraktibatu” gura duela dio: “Proiektuak martxan jarriko dituen gobernu talde bat behar du udalerriak”.
Dioenez, jarduera ekonomikoa, baserrien mantentzea eta basogintza bultzatzea ditu helburu, baita Kurtzeroko uholde arriskuari irtenbidea ematea ere. “Garrantzia handiko proiektuak dira, esanguratsuak, eta horiek aurrera eroateko erakundeen lankidetza beharrezkoa izango da”, azaldu du, eta, gehitu du, hori lortzeko, “esperientzia handia” duten pertsonekin osatu duela taldea.
Muxika, Ibarrurik eta Gorozikak hedadura “zabala” dutenez, “oinarriko zerbitzuak zabaldu eta mantendu” gura ditu alkategaiak, besteren artean, saneamendu sarea, zuntz optikoa eta beste hainbat bide. “Zugastietako tren geltokirako zein beste autobus geltoki batzuetarako sarbide seguruagoak sortzea beharrekoa da”, dio hautagaiak. Gainera, EAJk Kurtzero eta Gernika-Lumo lotzeko bidegorri bat eraikitzea eta udalerriarentzako bizikleta bideak egituratzeko proiektu bat idaztea ere aurreikusi du.
Jarduera horiez gain, “behar ekonomikoak dituzten pertsonei edota adinekoei laguntzeko” neurriak hartuko dituela dio, eta ekintza horiek guztiak “bizilagunen bizimodua hobetzeko” egingo dituela arrazoitu du.