136 dantzari batuko ditu umeen dantza elkartrukeak Bermeon
Alkartasuna Dantza Taldeko ume eta gaztetxoez gain, Galdakaoko Andra Mari eta Erandioko Uztargi dantza taldeetako dantzari txiki eta gazteek parte hartuko dute.
4 eta 15 urte bitarteko 136 dantzari txiki eta gaztek parte hartuko dute Alkartasuna Dantza Taldeak zapaturako antolatu duen umeen dantza elkartrukean. Bermeoko dantzari txiki eta gazteekin batera, Galdakaoko Andra Mari eta Erandioko Uztargi dantza taldeetako dantzariek girotuko dute udalerria.
2018an egin zen azkenekoz umeen dantza elkartrukea Bermeon. Pandemia igaro ostean, herrian elkartrukeetaz “gozatzeko” ordua zela iritzita, “gogo handiz” lanean hasi zirela diote, helburua lortu asmoz. Hala, zapaturako, egun osoko egitaraua antolatu dute.
Bermeoko Alkartasuna eta Galdakaoko Andra Mari dantza taldekoek hamaiketakoagaz, 11:00etan, emango diote hasiera egunari, Taraskan. Ondoren, 11:30ean, Alkartasuna Dantza Taldeko monitoreek antolatutako jolasekin “ondo pasatzeko” aukera edukiko dute dantzariek. 12:30ean hasiko dute kalejira Taraskatik bertatik, eta geldialdiak egingo dituzte portuan eta Lameran. Leku horietako bakoitzean geldituko dira ume eta gaztetxoak dantza “labur, dibertigarri eta alaiak” egiteko.
17:00etatik aurrera batuko dira elkartrukera Erandioko dantzariak, eta 17:30ean hasiko da ekitaldi nagusia Lameran. Atal desberdinetan banatuta, hainbat dantza plazaratuko dituzte hiru taldeetako dantzariek.
Zapatuan euria egingo balu, kalejira bertan behera geratuko litzatekeela azaldu dute, eta, hortaz, kalejiran zehar egin beharreko dantzak, Taraskako arkupean egingo lituzkete.
Antolatzaileek azaldu dute helburu orokorra euskal kultura sustatzea den arren, “euskal dantza maite duten eta dantza egiten gustura dabiltzan gazteen artean harremana sortzea ere garrantzitsua” badela: “Egun horretan gazteen artean dantzeei buruzko solasaldiak entzutea zoragarria da, eta oraindik ere politagoa da euren denbora librean horiek guztian dantzan aurkitzea”.
Lehenengo hitzordua Bermeon daukate, baina helburua, “elkartrukea hitzak adierazten duen moduan”, beste herrietara joatea ere badela adierazi dute Alkartasuna Dantza Taldetik. Hala, esaterako, Galdakaora joateko hitzordua ekainaren 4rako daukatela aipatu dute.