Odol emate kopuruak behera egin du Busturialdean
2021az alderatuta, 79 odol emate gutxiago zenbatu zituzten eskualdean iaz: 1.689 odol emate, hain zuzen ere. Eskualdean, Gernika-Lumon eman dute odola gehien, 1.114 odol emate. Odolkideek diote 2021eko datuekin alderatuta, datuak "parekoak" direla udalerrian, 25 odol emate gutxiago egon baitira.

Odol emateen kopuruak behera egin du Busturialdean. Izan ere, 2021az alderatuta, 79 odol emate gutxiago zenbatu zituzten eskualdean iaz: 1.689 odol emate, hain zuzen ere. 2021ean, berriz, 1.768 izan ziren odol emateak. Hain zuzen ere, 1.114 odol emate zenbatu zituzten Gernika-Lumon, 488 Bermeon, 50 Mundakan, eta 37 eskualdeko fabriketan (Maier, Losal eta Rhointer).
Nabarmentzeko datua da eskualdeko herri guztietan behera egin zuela iaz odol emate kopuruak, baina duela bi urte baino 10 odol emate gehiago zenbatu zituzten eskualdeko fabriketan (Maier, Losal eta Rhointer): 37. Hala ere, 25 odol emate gutxiago egon ziren iaz Gernika-Lumon, 52 gutxiago Bermeon eta 12 gutxiago Mundakan.
Lea-Artibairi dagokionez, Lekeition, Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Berriatuan egoten da autobusa, eta datuek behera egin dute eskualde horretan ere. 1.154 odol emate zenbatu zituzten 2021ean, eta 1.019, berriz, iaz. Guztira, beraz, 135 odol emate gutxiago egon ziren iaz: 72 odol emate gutxiago Lekeition, 53 gutxiago Markina-Xemeinen, 9 gutxiago Berriatuan eta bakarra gutxiago Ondarroan.
Eskualdeotan jarritako autobusetan odola emateaz gain, aferesiaren bidez odola emateko aukera ere badago, eta hala egin dute Busturialdeko eta Lea-Artibaiko 38 emailek: Gernika-Lumoko 19k, Morgako 7k, Murueta eta Munitibarko hirunak, Muxika eta Arratzuko binak eta Elantxobeko eta Ibarrangeluko banak. Hala, 38 aferesi odol emate egon zituzten iaz.
Zehaztu dutenez, aferesi bidezko odol emateak odoleko osagai bat edo bat baino gehiago berariaz ematea dakar; hau da, odoleko osagairen baten kopuru handiagoa lortzea ahalbidetzen du, gaixotasun zehatzentzat. Prozesua apur bat luzeagoa da, eta ekipamendu konplexuagoa behar duenez, Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroak dituen lurralde egoitzetan egin ohi da.
%2,19 odol emate gutxiago Gernikan.
Iaz Gernika-Lumoko Foruen plazan odola ematen dutenen kopurua jaitsi egin zen arren, 1.114 odol emate zenbatu zituzten udalerrian, eskualdeko gehinak; izan ere, Busturialdeko herritar gehienek bertan ematen dute odola. 2021eko datuekin alderatuta, datuak “parekoak” dira udalerriko Odolkideak elkarteko kideentzat, baina 25 odol emate gutxiago zenbatu zituzten iaz, eta %2,19 jaitsi da udalerriko odol emateen kopurua. Hala ere, datuak “onak” direla diote, “nahiz eta apur bat beherantz egin duten”.
Azken urteetako datuak “gorabeheratsuak” izan direla diote Odolkideek, baina joera “mantendu” egin dela uste dute: “Datuak urteetan zehar gorabeheratsuak izan diren arren, azken 10 urteetako odol emate kopurua beti ibili da 1.000tik 1.450erako tarte horretan”. Hain zuzen ere, azken urteetako datuei erreparatuta, 2004koak dira udalerriko onenak: 1.438 odol emate zenbatu zituzten urte horretan. Ordutik, urtez urte jaitsiz joan dira kopuruak, inoiz mila odol ematetik behera zenbatuz –965 odol emate egon ziren 2018an, eta 896 2019an–. 2020an, baina, joera irauli eta 1.000 baino gehiago zenbatu zituzten.
Udalerrian odola eman zuten emaile berrien kopurua ere nabarmentzkoa da: 61 odol emaile berri egon ziren iaz, eta datu “pozgarria” dela adierazi dute Odolkideek. Iazko emaile berrien artean, 31 izan ziren andrazkoak eta 30 gizonezkoak. “Odol emaileen berritzea garrantzi handikoa eta ezinbestekoa da emoitzaren iraunkortasuerako, eta, normalean, gazteenak izaten dira emaile berriak”, azaldu dute Odolkideak elkartekoek.
Odol emate kopurua “erdi parean” mantendu zen iaz, baina emaile kopurua mantendu egin behar dela diote. Izan ere, 1.114 odol emate egon ziren iaz udalerrian, baina udalerriko bizilagunen emoteak 829 izan ziren, eta horren arabera, 1.000 biztanleko 49,18koa da tasa. “Orain, Osasunaren Mundu Erakundeak autosufizientziarako egiten duen gomendioa betetzen dugu, soberan”, arrazoitu dute elkartekoek.
Gainera autosufizientziarako ona den beste datu bat azpimarratu dute: Gernika-Lumon 18 eta 65 urte bitarteko 10.098 biztanle badaude, eta horietako 829 odol emaileak badira, populazioaren %8,21 dira emaileak, eta, beraz, OMEk agindutako %3 eta %5 bitarteko tasa baino “askoz ere hobeagoa” da udalerriko egoera. “Horiek horrela, autosufizientzia datu bi horien arabera ondo betetzen dugu gernikarrok beharrizan hori”, gehitu dute.
Bizkaian mantendu.
Busturialdean zein Lea-Artibain odola emateko kopurua jaitsi egin den arren, mantendu egin da Bizkaian. 38.846 odol emate zenbatu zituzten iaz, 2021ean baino %0,33 gehiago; 1.000 biztanleko 33,80 odol emate egiten direla erakusten du horrek.
Bizkai, Araba eta Gipuzkoako datuek, bestalde, behera egin zuten, izan ere, 83.271 emate egon ziren iaz, 2021ean baino %1,35 gutxiago: 1.000 biztanleko 37,71 odol emate egiten dira, alegia.
“Odol ematea altruismoan oinarritzen da: borondatez eginikoa da, anonimoa eta ordaintzen ez dena. Borondatez emandako odola osagai terapeutiko estrategikoak eskuratzeko bide bakarra da eta gizarte heldutasunaren adierazlea da”, adierazi dute Odolkideek. Gehitu dutenez, osasun asistentziaren gehikuntza progresiboak “gero eta emate gehiago” eskatzen ditu, osasun sistemak ondo funtzionatu dezan. “Odolaren osagaien transfusioak eta odoletik eratorritako osagaiak ezinbestekoak dira gaixo askoren osasunbiderako eta bizi kalitaterako”, diote.
Hala, konpromiso eta ekintza solidario honi eusteko beharra dagoela adierazi dute Odolkideek, eta hori “guztion” ardura dela diote.