Narrazio magikoetan murgilduta
Irakurzaletasuna bultzatzeko 22. Idazlan Koadernoak argitaratu dituzte. Guztira, 64 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek.
Gernika-Lumoko irakaskuntza zentroetako ikasleen lanak biltzen dituzten Idazlan Koadernoak kaleratu berri ditu Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Hezkuntza Arloak, herriko irakaskuntza zentroekin elkarlanean. 22 urteko ibilbidea osatu dute dagoenerako.
Guztira, 64 lanez osatutako bi liburu kaleratu dituzte, eta jendaurrean aurkezteko aukera izan dute ikasleek. Zentro bakoitzak bere idazlanak aukeratzen ditu, ziklo bakoitzeko bi. Hori dela eta, LHkoen liburuan 30 ikasleren lanak jaso dituzte, eskuz idatzita eta jatorrizko argazkiekin. DBH, Batxilergo eta CEPAkoen argitalpenari dagokionez, beste 34 idazlan aukeratu dituzte, helduen formatuagaz.
Lehen Hezkuntzakoen lanak entzuteko aukera eduki zuten herritarrek atzo (apirilak 18), Lizeo Antzokian eta, gaur (apirilak 19), aldiz, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilegoko eta CEPAko ikasleen txanda izan da. Irakurketen ostean, sariak jaso dituzte ikasleek.
Lehen Hezkuntzako ikasleek denetariko gaiak landu dituzte kontakizunetan: errealitatea islatu dute batzuek, fantasiazko munduak irudikatu dituzte beste batzuk, eta zientziari ere erreparatu diote hainbatek. Diruak ez daukala baliorik adierazi du idazleetako batek, “diruari balioa pertsonek” ematen diotela adieraziz. Gainera, planeta ezberdinetako animalia bizidunak ere agertu dira kontakizunetan, baita sorgindutako lekuak ere, umerzurztegiak kasu. Bulling-a ere landu dute Idazlan Koadernoan, eta potolo egoteagatik lagunek iraintzen zuten mutikoaren egoeran jarri dira. Ametsak jarraitu egin behar direla, eta borrokatuz eta lan eginez dena lor daitekeela ere esan zuten atzo lehen hezkuntzako sortzaileek. “Eta hala bazan edo ez bazan, sar dadila kalabazan, eta atera dadila herriko plazan”.
Metabertsoan murgilduta egin dituzte gaurko irakurraldia eta sari banaketa ekitaldia. Unai busturiarrak autoko gidabaimena ateratzeko erabakia hartu izanaren testigu izan dira saioaren hasieran, Xanpain botila zabaldu dute amaieran. Bitartean askotariko gaiak lantzen dituzten istorioak entzun dira Lizeoan: 40 urte ikusi barik dagoen maiteari gutuna, mendi lasterketak eta iraupenezko eskia uztartzen dituen gazte kirolariak erakutsitako Kirolaren beste aurpegia, bizitzari buruzko gogoeta gizarte-langile baten eskutik,Ā Sendatu gabeko zauriak, urtaro bakoitzari eskainitako olerkiak…
Argitalpenak kaleratzeagaz batera, idazleei egindako lana eskertu diete antolatzaileek, eta argitalpenen aleak eskuratzeaz gain, LHkoek 30 euroko bono saria eta DBHkoek, Batxilergokoek eta CEPAkoek 50 euroko saria jaso dute, udalerriko liburu dendetan euren gustuko liburuak erosi ahal izateko.
Idazlan koadernoei lotuta, ohi legez, koadernoen azalen irudien lehiaketa egin dute, eta hurrengoak dira irabazleak: Lehen Hezkuntzakoen kategorian Saray Correa Hurtado (LH 6.maila) izan da irabazlea, eta DBH, Batxilergo eta CEPAkoen artean, Jemsa Caballero Legarreta. Lehiaketan parte hartu duten ikasleen lanak ikusgai daude Artekale kalean.
22 urtez lanean. Idazlan Koadernoen ekimenak 2002an dauka jatorria, Udal Eskola Kontseiluak eskolaz kanpoko egitarauan sartzea erabaki zuen orduan. Helburuak ikasleen artean idazmena lantzea eta irakurzaletasuna sustatzea dira, eta, hala, euskara sendotzea.