Ibilgailu klasikoen erakusketa egingo dute lehenengoz Mendatan
Mendatako Oilargane Kirol Elkarteakoak I. Ibilgailu Klasikoen Erakusketa prestatzen ari dira datorren asterako. “Motorren afizioa beti egon da Mendatan, eta Ibarruriko topaketara joaten gara, eta BECen ere erakusketa egiten dute. Busturialdean motor klasiko pila bat daude, jende askok ditu, eta geuk ere antolatzea pentsatu genuen. Motor klasikoak dauzkatenei galdetzen hasi ginen, erakusketara ekartzeko ea prest egongo ote ziren jakiteko, eta udalekoekin ere berba egin genuen”, azaldu dute antolatzaileek.
Apirilaren 30ean (domeka) 120-150 ibilgailu inguru biltzea aurreikusi dute. 09:00etatik 21:00ak aldera arte izango dira ikusgai.
“Balio handiko” ibilgailuak egongo direnez, segurtasun neurriak hartuko dituzte; adibidez, frontoia zarratu egingo dute, bertako ibilgailuak zaintzen egongo dira, eta horiek ikusteko sarrera eta irteera zehaztuko dituzte: “Jende asko etortzea espero dugu. Gehienbat inguruko motorrak izango dira, adibidez, Markinatik, Gernikatik, Bermeotik eta Morgatik etorriko direla esan digute. BECeko erakusketan ez da hainbeste motor egoten, gehienbat komertziala izaten da, eta guk ez dugu halakorik egin, doan izango da”. Erakusketara euren ibilgailuak eroan gura dituztenek 629 07 98 52 telefono zenbakira deitu behar dute.
Ibilgailuekin irteera ere egingo dute eskualdean barrena. Antolatzaileen asmoa da 10:30ak aldera Mendatatik irten, eta Nabarniz eta Ereño zeharkatu ostean, Ibarrangeluko hondartzetatik pasatzea, eta eguerdirako Mendatara bueltatzea. “Martxara datorrenak ezingo du motorra erakusketan sartu”.
Sariak. Arratsaldean sariak banatuko dituzte. Moto zein auto zaharrenak, pieza originalekin ondoen berriztatuta daudenak eta ondoen kontserbatuta daudenak sarituko dituzte.