Aittu, esperientziak ezagutzeko
16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako onlineko hitzaldiak prestatu dituzte barikurako eta apirilaren 28rako. 12:30ean izango dira hitzaldiak, eta online ikusi ahalko dira www.aittuhitzaldiak.eus webguean. Bertan parte hartuko du Lander Unzueta streamer eta Game Erauntsiko kide gernikarrak.
Aittu!… eta esperientziak ezagutu hitzaldi multzoa prestatu dute Gernika-Lumoko Udaleko euskara zerbitzuak, aldundiak eta beste zenbait herritako euskara zerbitzuek. 16 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako onlineko hitzaldiak prestatu dituzte barikurako eta apirilaren 28rako. 12:30ean izango dira hitzaldiak, eta online ikusi ahalko dira www.aittuhitzaldiak.eus webguean. Bertan parte hartuko du Lander Unzueta streamer eta Game Erauntsiko kide gernikarrak.
Hitzaldi hauen helburua da gazteentzako interesgarriak diren gaietan sakontzeko aukera ematea eta ekintzaren abiapuntua izatea, “gazteak modu proaktiboan euren ibilbidea egiten has daitezen”. Hori dela eta, gaiak eurentzat erreferente diren pertsonen bidez jorratuko dituzte, alegia, hizlarien erreferentzialtasunari lotutako gaiak hizpide hartzen dira solasaldi bat sortzeko asmoagaz.
Aurkezten den programak 10-15 minutuko hitzaldiak jasotzen ditu, hiru bloketan banatuta: Gaming-a eta streaming-a, kirola eta musika.
Barikuan ikusi ahalko dute lehen hitzaldia, Unzueta streamer eta Game Erauntsiko kideak prestatutakoa: Zer da gamer izatea?. Urte gutxitan, Youtube eta Twitch plataformak gehien erabilitako sare sozial bihurtu dira, batez ere gazteen artean. “Erreferenteak plataforma hauetan daude, gero eta gehiago, baina zer behar da streamer izateko? Zer baliabide ditugu eskura? Zeintzuk dira bideojokoen alderdi on eta txarrak?”, galdetu dute antolatzaileek. Hala, galdera horiei erantzuna bilatu asmoz, Unzuetaren hitzaldia entzun ahalko dute gazteek, eta, gero, gainera, galderak egiteko aukera ere izango dute.
Apirilaren 28an, berriz, kirolari buruz ariko dira Lur Errekondo kirolari eta abentura saioetako aurkezleagaz, eta, musika landuko dute Tomas Lizarazu Bulego Taldeko ahotsagaz.
Goi mailako eskubaloian urteak eman ondoren, lesioek eskubaloia uztera behartu zuten Errekondo, eta harri jasotzera jauzia egin zuen profesional modura lehiatzeko. Hala, kirolak eskaini dionari buruz berba egingo du bere tartean.
Lizarazuk, berriz, musikan zelan murgildu zen eta arrakastak zer ekarri dion kontatuko du, baita zer behar den musika talde bat sortzeko esan ere. “Musika mundua ulertzeko eta bertan norbera adierazteko modua da, eta, horregatik, aukera polita izango da letren azpian dauden balioei buruz berba egiteko”, adierazi dute antolatzaileek.