Merkatu txikia jarriko dute zapatuan Goiko Plazan
35 postu inguru egongo dira 09:00etatik 18:00etara.
Bermeoko Udalak eta Haitz Nagusije Alde Zaharreko auzo elkarteak antolatuta, merkatu txikia hartuko du Bermeoko Goiko Plazak, zapatuan (apirilak 22).
Bigarren eskuko salmahai eta postuetan erropak, liburuak, koadroak, diskoak, jostailuak eta bestelakoak aldatzeko, trukatzeko, erosteko edota saltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek, 09:00etan hasi eta 18:00ak bitartean. Bigarren eskuko salmahaiez gain, beste postu batzuk ere egongo direla zehaztu dute antolatzaileek, “hasierako ideia aldatzen joan baita”. Hala, Mañeko egongo da bere produktuekin, eta Bitxos Bermeo elkartekoek ere bere postua edukiko dute.
Goiko Plazako postuen atzean bermeotarrak egongo dira, baina baita ere, inguruko herrietatik etorritakoak; 35 postu inguru egongo dira aukeran.
Alde Zaharrean era askotako produktuak eskuratzeko edota trukatzeko aukera egongo dela adierazita, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte bertaratzera.