Jose Benito Ikazuriaga Ozamiz omendu dute Burgosen
36ko gerraren ondorioz Burgoseko San Jose ortusantuan preso zeuden 850 hilobiratuak omentzeko ekitaldia egin zuten domekan, eta preso horien izen guztiak jasotzen dituzten 16 plaka eta harrizko monolitoa jarri zituzten bertan.
36ko gerran atxilotu, epaitu eta torturapean hil zuten Jose Benito Ikazuriaga Ozamiz Kortezubiko baserritarra, Bake epailea, eta herriko alkatea izandakoa, eta gerra garaian beragaz batera Burgosko San Jose ortusantuan hilobiratutako 784 pertsonak omendu zituzten domekan.
Izan ere, Burgosko udal hilerria frankismoaren biktimentzako hobi komunez beteta dago, eta “errepikatu behar ez den istorio baten kontakizun ofizialak ezabatutako” horiei izen-abizenak jarri zizkieten domekan. Ahanztura publikotik erreskatatu zituzten bertan hilobiratutakoen izenak eta izana, eta horien memoria aitortu zuten.
Hala, 87 urte pasatu ondoren, 36ko gerran preso zeuden 784 hilobiratuak omentzeko ekitaldia egin zuten, eta preso horien izen guztiak jasotzen dituzten 16 plaka eta harrizko monolitoa jarri zituzten bertan. “Egia, justizia eta erreparazioa lelopean bildu gintuzten senitartekook”, adierazi dute Ikazuriagaren senideek, eta ekitaldi “hunkigarria” izan zela adierazi dute. “Falta zitzaigun aitortza bat izan da, errekonozimendu bat”, diote.
Aitite nazionalista zela azaldu dute, eta hura zein espetxetan zegoen jakiteko lan handia egin behar izan zutela diote. Azkenean, hilda zegoela aurkitu zuten. Zehaztu dutenez, aitite hil ostean, beste errepublikar nazionalista, anarkista, komunista, sozialista zein nazioarteko zenbait brigadistekin hilobiratu zuten zulo handi batean, beste 450 presoren gorpuekin; beste guztiak fosa txikiagoetan barreiatu zituzten. “Aitormena, agerikotasuna eta duintasuna lortu ditugu. Pablo Sorozabalen Gernika entzunez, gure esker ona erakutsi gura diegu aititeri eta beste guztiei”, diote senideek.
Senideek jakinarazi dutenez, Ikazuriagaren bizitza jasotzen duen liburu bat editatzen ari dira Aranzadi Zientzia Elkarteagaz batera. Izan ere, familiako historia gordeta mantendu gura dute.