Kalitatezko osasun sistema publikoaren aldeko mozioa aurkeztu du Bermeoko EH Bilduk
Azken osoko bilkuran aurkeztu zuen mozioa; batez ere, Barrualdeko ESIan eta Gernikako Ospitalean zerbitzuak hobetzeko eskaerak egiten dituzte mozioan. Mozioa baina ez da onartu; EH Bilduk eta Guzanek alde bozkatu duten arren, gehiengoa daukaten EAJko zinegotziek aurka bozkatu baitute.
Gogorarazten dute, 300.000 biztanle baino gehiago artatzen duen ospitalea dela Usansolokoa, bermeotarrak barne, “herritik 40 kilometrora”. Osasun Sailak 28.000.000 euro bideratuko ditu Usansoloko Ospitalean 30.000 metro kuadroko eraikin berri bat eta aparkalekuak eraikitzeko. Hala, EH Bilduk uste du unea dela bertan eskaintzen diren zerbitzuak hobetzeko: “Bermeoko Udalari eskatzen diogu bat egitea Usansoloko Ospitalean oinarrizko pediatria eta gaur egungo gomendioak betetzen dituzten arrisku baxuko erditzeak artatzeko guneak ezartzeko ekimenarekin; izan ere, bi horiek ez daude Osasun Sailak aipatzen dituen hobekuntzen artean. Uste dugu biztanle kopuru handia jasotzen duela eta zerbitzu horiek beharrezkoak direla aipatu ospitalean, jendea Basurtora bideratu barik. Usansoloko ospitaleko gabezi historiko hauek betetzeko unea soilik, obrak dakartzan espazioaren berregituraketa une hau izan daiteke”.
Era berean, eskualdean kalitatezko osasun publikoa bermatze aldera, Gernikako ospitalean “zerbitzu desberdinak eskaintzea, indartzea eta oheak ipintzea” ere eskatzen dute mozioan. “Denon esku dago osasun arreta hobetzea, herritarron ongizatearen alde egiteko”, adierazi dute.
Guzaneko zinegotziak ere ados agertu dira mozioagaz: “Mozioaren helburu globalagaz bat gatoz, hori baita gure ustez garrantzitsuena, eta ez xehetasunetan sartzea. Mozioan esaten da egiten diren inbertsioak ez direla nahikoak, eta gizartean dagoen sentsazioa hori dela uste dugu”. Itxaron zerrendak aipatu ditu Guzanek, tendentzia begiratu behar dela iritzita: “Osasun sistema on bat daukagula esan bai, baina esan beharra dago ere tendentzia dekadentea daukagula; itxaron zerrendak, esaterako, gero eta luzeagoak dira, eta herritarrek sentsazio hori daukate. Garrantzitsua da gai hori mahai gainean jartzea, eta arazoaz jakitun gaudela esatea”.
“Inkoherentziaz betetako” mozioa dela adierazi zuen EAJk, eta, hortaz, ezin zutela mozioagaz bat egin “osotasunean”. “Osasun publikoaren sistema oso egokia da, punta-puntakoa da. Arazo estrukturalak baditu eta pertsonal eta profesionalen arazoa dago. Horrelako proposamen bat egiten denean herriari argi esan behar diogu zein den egoera, zeintzuk diren arazoak eta horren aurrean egon daitezkeen irteerak. Gaur egun, zerbitzuak bermatuta daude”.
Azaldu dute bat datozela kalitatezko hurbileneko zerbitzu bat edukitzeagaz; “gure helburua lehen arreta indartzea izan beharko litzateke, ahal den neurrian Bermeoko osasun zentroan zerbitzurik egokienak edukitzea, baita ere Gernikan zein Usansolon, eta horren alde gaude Bermeoko EAJkoak”.