Familiako bost belaunaldiren lekukoa
Familiako bost belaunaldiren lekukoa "zatika" gordetzen duen 200 argazkiz osatutako artxiboarekin sortu du 'Loturez' erakusketa Amaiur Arronategi artistak. Apirilaren 14ra bitartean ikusi ahalko da.
Momentuko oroitzapenak harrapatzen dituzte argazkiek, momentuko sentipenak. Familia artxiboan arakatuta sortu du Amaiur Arronategik argazkietan oinarritutako eta Ajangizko kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa: Loturez. Apirilaren 14ra bitartean bisitatu ahalko da bilduma.
Guztia oroitu ezin izanagatik ere, bakoitzak bere memoria du eraikita, arrakala propioekin. Eta, Arronategiren berbetan, arrakala horiek osatzen dute memoria: “Argazkietan harrapatzen saiatu gaitezkeen arren, ihes egiten du atzekoak”. Familiako bost belaunaldiren lekukoa “zatika” gordetzen duen 200 argazkiz osatutako artxiboarekin egin du erakusketa. Familiaren garapena dokumentatuta ageri da bilduman, baina erakusketa ez dute soilik argazkiek gorpuzten, “horiei loturik doazen memoriak eta bizipenek baino”.
Loturez erakusketan, ez dira gutxi argazkietan eta bideoetan agertzen diren bizipenak, bertaratzen direnek oroitu ditzaketenak. “Denbora markatzen dute, bizitzan zeharreko apunte konkretuak dira. Onak eta ez hain onak. Hutsuneekin, lausoki oroitzen dituzu batzuk, zatika. Amamaren etxeko bazkariak esaterako. Lehengusu guztiok, menuaz akordatu ez arren, mahaia janzten zuen mantel koadrodunaz gogoratzen gara. Gorria eta zuria. Oraindik ere egongo da bertan nonbait gordeta, seguru. Edota belar txar artetik jolasten zeundetela joandako pilota hartzea egokitzen zitzaizunean, norekin jolasten ez, baina aitonaren ahotsa gogoratzen duzu: ‘Asun artean ez hartu arnasa’. Eta, badaezpada, kasu egiten zenion, guztiz fidatu ez arren. Pikatzeko beldurrak irabazi ez zedin”, gogoratu du artistak.
Memoriaren ariketan, “oroitzapenak jantzita” daude, bakoitza bere arrakalekin, faltarekin, malenkoniarekin, haserrearekin… edo guztiak batera. “Zatika, arrakalekin gogoratzen ditugu. Ez daude guztiz osorik, usainak, amaren kolonia, esandakoak, tokiak, itsaso parean, negarrak, zaporeak, norbaiten urte eguna zenean ekarri ohi zuten txokolate tarta, musika, lotsak, ahotsak…”, dio Arronategik, eta horiek islatu ditu bere obran.