Erakusketen plaza, etorkizuna eraikitzeko
‘Etorkizuna dago, egia baldin badago’ lelopean, lau erakusketa prestatu ditu kultur etxeak bonbardaketaren urteurrenerako, eta horietako bi ikusgai daude Foruen plazan: Aitor Aranaren 'Gernika 1937. Amesgaiztoa amesten' eta 'Gernika 1937-06-26' kale erakusketa.
Gernika-Lumoko bonbardaketa osteko argazkiz bete dute udalerriko Foruen plaza. Bonbardaketaren egia kalera atera gura izan du Gernika-Lumoko kultur etxeak, eta, horretarako, bonbardaketaren 86. urteurrenerako prestatu dituen lau erakusketatik bi kokatu ditu plaza horretan: Aitor Aranaren Gernika 1937. Amesgaiztoa amesten eta Gernika 1937-06-26 kale erakusketa. Horiek biak ikusgai daude dagoenerako, eta Maitane Azurmendiren Azken Bidaia eta Iñaki Berazategiren Gerra Zibila hobeto ulertzeko argazkiak Euskadin erakusketak Aste Santu ostean zabalduko dituzte.
Etorkizuna dago, egia baldin badago lelopean antolatu dituzte ekimenak, Gernika Sarietako sarituetako Kolonbiako Egiaren batzordearen leloari jarraituta. “Lelo hori hartu dugu urteurreneko kultur programa osatzeko eta garatzeko”, adierazi du Kristina Arana kultur etxeko zuzendariak.
Gernika 1937-06-26 kale erakusketa Merkurion egon zen iaz, eta Foruen plazara lekualdatu dute orain: “Urteurren honetan plaza hau gure kulturari eta bonbardaketari buruzko plaza bihurtu nahi dugu”. Bonbardaketaren osteko hamasei argazki ikus daitezke bertan, zortzi horizontalean eta zortzi bertikalean, denak Gernikako Bonbardaketaren Dokumentazio Zentrokoak. Erakusketan ageri den testua, baina, Xabier Irujo historialariarena da.
Erakusketan ikus daitezkeen argazkiek bonbardaketaren ostean Gernika zelan geratu zen islatzen dute; izan ere, bertan ikus daitezke, besteren artean, berreraiki ez zen San Juaneko eliza, Adolfo Urioste kalea, udalerria… “Guri bereziki gustatzen zaigun argazkia da frontoia deseginda ageri dena, izan ere, aurreko eguneko partidaren kartel bat zutik ikusten daiteke bertan. Horri esker gerretan zer gertatzen den ikusten dugu; hau da, eguneroko bizitza egun batetik bestera apurtzen dela”, dio Aranak. Erakusketa honegaz, bonbardaketaren ostean argitaratutako gezurra egia bihurtu gura dutela adierazi du zuzendariak: “Kolonbiako batzordeak dioen moduan, egia bakarrik izango dugu egia baldin badago”.
Aitor Aranak Gernika 1937. Amesgaiztoa amesten erakusketan, 1937ko apirilaren 26ko irudiak aurkeztu ditu, “euskal herritarren ikurtzat hartutako” herri bat errautsetara murriztu zutenekoak. Bonbardaketa bizi izan zutenei eta oraindik ere bizirik dauden lekuko guztiei omenaldia egiteko baliatu gura du erakusketa Aranak, tartean bere amari; izan ere, 9 urte zituen haren amak apirilaren 26 hartan. “Aspaldiko proiektua da, eta bonbardaketatik bizirik atera zirenei eta bonbardaketa jasan zutenei egindako omenaldi gisa aurkeztu gura dut, tartean amari. Txikitan berak kontatzen zidan zer gertatu zen, zelan geratu zen Gernika, eta bonbardaketak zer nolako ondorioak izan zituen”, azaldu du sortzaileak.
Erakusketa 12 fotomuntaiez osatuta dago, eta udaletxeko, kultur etxeko eta Bakearen Museoko balkoietatik eskegita ikus daitezke argazkiak. “Formatu handian egin gura izan dugu, mundu guztiak edonoiz ikus zezan”, gehitu du Aranak.
Irudi horien pertsonaia nagusiak Gernika Garretan kale antzerkiko protagonistak dira, eta argazkien atzealdea bonbardaketaren aurreko eta osteko Gernikako jatorrizko argazkiekin osatu du Aranak; Gernikazarra herriko historia taldeak utzitako argazki artxiboko benetako irudiak dira. Erakusketa osoa bonbardaketatik bizirik atera zen emakume baten testigantzan laburbildu daitekeela dio Aranak. “Erakusketa gerraren ikuspegi oniriko bat izatea nahi dut, gerra erreportaje bat balitz bezala, eta, jakina, tonu bakezalearekin; izan ere, urte horien guztien ondoren ez dugu ikasi gerrak zer dakarren eta zer ondorio dituen”, dio sortzaileak.
“Berezia” dela urteurrenaren testuinguruan bonbardaketari buruzko bere lana aurkeztea adierazi du: “Gernika Garretan, Gernizarra, kultur etxea eta udalari eskerrak eman nahi dizkiet. Baita Photokari ere, herrian argazkigintza bultzatzearren”.
Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkateak udalerriak daukan ondasunik “handiena” dela memoria historikoa dio. Eta, horregatik, hori berreskuratzeko lan egin dutela azpimarratu du.