Busturialdeko Txistularien Eguna Gernika-Lumon ospatuko dute aurten
Apirilaren 16an (domeka) izango da IV. Busturialdeko Txistularien Eguna. Teodoro Makazaga, Martin Urrutia eta Joxe Felix Zamakona txistulariak omenduko dituzte.
Busturian batu ziren iaz eskualdeko txistulariak, eta oraingoan, Gernika-Lumon daukate hitzordua. Bermeoko, Busturiako, Foruko, Gernika-Lumoko eta Ibarrangeluko taldeko kideek bat egingo dute apirilaren 16an (domeka).
55 txistulari inguruk musikatuko dituzte udalerriko bazterrak IV. Busturialdeko Txistularien Egunean, eta gogoratu dute eskualdeko talde eta txistulari denak gonbidatuta daudela: “Parte hartu nahi duten txistulariak Busturialdeko Txistulari Egunera etortzera animatzen ditugu”.
Hiru izango dira aurtengo omenduak: Teodoro Makazaga, Martin Urrutia eta Joxe Felix Zamakona. “Txistularitza bultzatu zuen Gernika-Lumoko musikaria izan zen Makagaza, Zamakona abadeak sortu zuen Errenteriako Gazteak Txistu Taldea, eta Urrutia ere txistularia izan zen”, azaldu dute antolatzaileek.
11:00ak aldera, Errenterian hasiko dute erronda, eta eguerdian, Foruen plazan geldialdia egingo dute omenaldi-ekitaldirako. Horren ostean, txistu doinuak zabaltzen segituko dute; Juan Kalzada, Alhondiga eta Industria kaleetatik ibiliko dira, eta 14:30ak aldera Iparragirreren eskulturan amaitzea aurreikusi dute. Gero, Boliña Zaharrean bazkalduko dute: “40 bat lagunek izena eman dute”.
Egitaraua:
- 10:45. Harrera, Errenterian.
- 11:00. Kalejiraren hasiera.
- 12:00. Hamaiketakoa.
- 13:00. Teodoro Makazagari, Martin Urrutiari eta Joxe Felix Zamakonari omenaldia, Foruen plazan.
- 13:15. Kalejira, Juan Kalzada, Alhondiga eta Industria kaleetatik (14:30ean Iparragirreren eskulturan bukatuko dute).
- 15:00. Bazkaria. Boliña Zaharrean (30 euro).