9.000 kontsumitzailek baino gehiagok egin dute bat Errigoragaz udaberriko kanpainan
120.000 litro olio eta 26.000 sorta banatuko dituzte apirilaren 20tik aurrera. Herriz-herri helduko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek jaso eta kontsumitzailen eskuetarainoko azken entregak antolatzeko.
Errigorak ehunka herritan Nafar hegoaldeko uzta Eskutik Eskura udaberriroko kanpaina gauzatu du martxoaren 9tik 29ra bitartean. Orain fruituak jasotzen hasi da, “pozteko emaitzak” jaso dituztela diote. 9.000 eskaera baino gehiago jaso dituzte, hau da, 120.000 litro olio eta 26.000 sorta joango dira Ager eremuko baratzetatik Euskal Herri osoko sukaldeetara. “Eskerron eta zorion hitzak agertzea baizik ez zaigu gelditzen. Mila esker, bihotzez, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko uztari 9.000tik gora sukaldetako atea zabaltzeagatik. Eta, era berean, zorionak, uzta jasotzearekin erein ere egingo baitugu: kontsumitzaileen partetik jasotako babes izugarria ekoizpenaren eremuan pausu berriak emateko akuilu izango da”.
Errigora Balioak identifikatzailea aurkeztu zutenaren helburua lortu dute. Izan ere, berme-zigilu berria hamarkada bateko “lanaren emaitza” da, baina “bide berri baten abiapuntu” ere izan nahi du. Oinarriak finkatuta, erronka berriei aurre egiteko tresna izate nahi dute. Horregatik diote emaitzek “hunkitu” dituztela: “Bereziki hunkitu gaitu, ziurgabetasuna eguneroko ogi dugun garaiotan: elikadura-burujabetzara eramango gaituen bide luzea argitzeko 9.000 su txiki baino gehiago piztu zaizkigu. Errigorako boluntario eta Errigorako ekoizleok 9.000 arrazoi berri baino gehiago dugu ausardiaz jokatzeko eta testuinguru sozial eta klimatikoari, auzolanean, tamainako pausuz erantzuten saiatzeko”.
Diotenez urtetik urtera handiagoa da Errigorako komunitatearen dirdira: “Baina ez gero eta gehiago garelako soilik, baizik eta urtetik urtera kitzikagarriagoa delako gure ekoizleen adorea, gure boluntarioen kemena eta gure kontsumitzaileen konpromisoa”. Egunotan daude kutxak prestatzen eta apirilaren 20tik aurrera zabalduko dituzte. Herriz-herri helduko dira kamioiak tokian tokiko boluntarioek jaso eta kontsumitzailen eskuetarainoko azken entregak antolatzeko.