Fernando Bazeta: "Ibarrolaren hasierako ideiaren bilakaera da Omako Basoa"
Omako basoa lekualdatzeko bigarren faseko lanak hasi dira, eta urteko lehen ikusleak ere bertaratu dira basora. Omako Basoa bisita gidatuetan bakarrik bisitatu ahal izango da oraingoz, baina urrian ateak zabalduko ditu.
Lerro horizontal zuri batek Omako Basora ondoetorria ematen die bisitariei, eta Maite zaitut berbek agurtzen dituzte basotik ateratzean. Bitarteko ibilbidean, margotutako ehunka zuhaitz adar ikus daitezke, naturaren leku batean edo bestean jarriz gero, ikuspegi, forma eta esanahi desberdinak biltzen dituztenak.
Agustin Ibarrolaren Omako Basoa lekualdatzen ari da Fernando Bazeta buru duen diziplina anitzeko taldea, eta proiektuaren bigarren fasea hasia dute. Iaz 14 multzo artistiko lekualdatu zituzten, eta 454 zuhaitz margotu; urriaren 15era bitarteko fase berri honetan, berriz, beste 400 zuhaitz eta 19 multzo artistiko margotuko dituzte, Omako Basoa osatzen duten 33 multzo artistikoak amaitu arte. Leku “magikoa” da berarentzat, “berezia oso”. Baina, proiektua amaitzerakoan, “are bereziagoa” izango dela dio: “Margotze lanetan ari bitartean, ez dugu gozatzen, baina teknikarien begiak alde batera utzi eta begi berriekin egindako lana ikusterakoan, basoaren edertasuna ikusten dugu, basoaren emozioa”.
Lekualdaketarako ikerketa eta berrirakurketa “lan sakona” egin behar izan dute, eta lan horri esker artistaren jatorrizko asmoa jasotzen ari dira. “Bildutako datuek diote Ibarrolak lerro horizontal zuri bat margotu zuela lehenik, eta galduta egon diren Mehatxu nuklearra, Cordobako meskita eta Haritzari omenaldia multzo artistikoak, gero. Lerro horizontala lantzen duen multzo horietan badaude kontzeptu oso garrantzitsuak: bidimentsiotasunari naturaren hirugarren dimentsioa gehitu zion Ibarrolak”, azaldu du Bazetak.
Zuhaitzak “tonu, intentsitate eta indarrez” beteta daude
Zehaztu duenez, gaur egun horren koloretsua den basoa kolore gutxikoa zen hasieran, beltzez, gorriz eta zuriz bakarrik margotu zituelako lehenengo zuhaitzak. Horietatik abiatuta, larrosak, urdinak, berdeak… ikus daitezke. “Ibarrolaren hasierako obraren bilakaera bat da baso hau, eta bisitariak hori ikus dezake. Proeiktua aurrera joan ahala, beste kontzeptu batzuk sartu zituen Ibarrolak basoan. Proiektu artistiko hau modu batera hasi zen, baina beste era batean bilakatu zen. Kolore eskasa izatetik oso koloretsua izatera igaro zen basoa da. Hori da baso honen beste ezaugarrietako bat, oso aldakorra dela. Eta eguraldiaren arabera, are gehiago. Koloreek beste kolore bat hartzen dute”, kontatu du adituak.
14 hektareatan ari dira lanean, lehenengo basoan baino eremu zabalagoan; izan ere, hedapen handiagoa behar izan dute multzo artistiko batzuk osatzeko eta beste batzuk berreskuratzeko. “Multzo batzuk handitu behar izan ditugu, eta horiei lekua aurkitzeko eremu zabalagoak behar izan dira. Ostadarra egiteko 26 zuhaitz behar izan zituen Ibarrolak, baina orain gehiago marraztu ditugu. Azalera askoz handiagoan ari gara lanean, eta margotutako zuhaitz kopurua orografiara egokitu behar dugu. Eragin emozionala ere handitu egiten da orain”, dio adituak. Lekualdatutako zuhaitz bakoitzaren kolore bakoitza “hasierako tonu, intentsitate eta indarrez” beteta dagoela gehitu du.
“Egindakoa bere horretan berreskuratzea bilatu dugu, eta egindakoa zuzen egotea”
Galdutakoa berreskuratu.
Multzo artistiko batzuk berrekuratzeko lan egingo dute; dagoeneko Mehatxu nuklearra multzoa berreskuratzen ari dira, eta Cordobako meskita eta Haritzari omenaldia hasi eta amaitu egin behar dituzte. “Badago laurgarren bat, Margotutako lerroa izenekoa, hori ere berreskuratu gura duguna. Gure antolaketan sartu behar dugu”, gehitu du.
Adituak azaldu duenez, arte garaikidea lekualdatzeko “prozesu aitzindaria” erabili dute: “Egindakoa bere horretan berreskuratzea bilatu dugu, eta egindakoa zuzen egotea. Onartua izatea arte garaikidearen zikloen baitan, bai zaharberritzean, bai mantentze lanetan. Izan daitekeen lan aitzindaria da hau, ze hemen ezarri ditugun irizpideak nahiko berritsuak dira. Ibarrolak egiten zituen galderak, bilatzen zituen erantzunak… bilatu ditugu, eta kolore horiekin batera ekarri egin ditugu. Lekuz aldatu dugu, baina ideiak eta emozioak mantendu egin ditugu”.
Proiektu edo lekualdaketa honen arduraduna izateak “ardura handia” dakarrela dio Bazetak, baina uste du “ohorea” dela horrelako lan bat gidatzea. “Asier Madarieta BizkaiKOAko arduradunak galdetu zidan ea basoa lekualdatu daitekeen, eta pentsatu ostean baietz erantzun nion. Hala, hori egiten ari gara. Gainera, proiektu hau garatzeko hainbat kontuk lagundu digute: aldundiak borondatea izan du basoa berreskuratzeko, eta Ibarrolak basoa ez galtzeko borondatea erakutsi du; kultur ondare garaikideko legeek ere gure alde egiten dute, baita talde oso ona izateak ere”, dio.
Bisitariak basoan.
Martxoan abiatu zituzten bigarren faseko lanak, eta dagoenerako lekualdaketaren prozesua ikusteko aukera izan dute urteko lehen bisitariek. Bisita gidatuetan izena emanda bakarrik bisitatu daiteke oraingoz baso margotua, eta zapatutik, hainbat herritarrek izan dute horiek ikusteko aukera.
Basoa urrian zabaltzea aurreikusi dute aldundiko ordezkariek, baina bitartean, bisita gidatuetan bisitatzeko aukera egongo da. Horretarako, aldez aurretik izena eman beharko dute 94 465 16 57 telefonota deituta. Zehaztu dutenez, egunero, astelehenetik domekara bitartean, Omako Basora joateko bi bisita gidatu antolatuko dituzte zapatutik irailera bitartean; 10:30ean gazteleraz, eta 12:30ean euskaraz.
Basora “hurbiltzea eta bertan galtzea” gomendatu du Bazetak
Lehenengo bisitariek gidaren azalpenak eskertu dituzte gehienbat, baina basoaren “magiaz” gozatu dutela nabarmendu dute: “Lehenengo basoa ikusia neukan, baina artelan batzuk ez nituen ondo ulertzen, eta gaurko azalpenek asko lagundu didate artistak esan gura zuena ulertzen, baita bilatu gura zuenari buruz hausnartzen ere. Gure txoko berezi horietako bat da baso hau”.
Bazetak “basora hurbiltzea eta galtzea” gomendatu die bisitariei: “Bakoitzak bere esperientzia pertsonala bilatu behar du”.