Olatz Arrizabalaga, Munduko txapeldun Euskal Selekzioagaz
Olatz Arrizabalagak Erakundeen Munduko Txapelketa lehiatu du Euskal Selekzioagaz. Joko Internazionalean eta Pilota Valentziarrean urrezko domina irabazi du, eta brontzezkoa One Wallean.
Olatz Arrizabalagak C.I.J.B. Erakundearen Munduko Txapelketa lehiatu du Euskal Selekzioaren koloreekin, martxoaren 27a eta apirilaren 3a bitartean, Alziran (Valentzia). Lau diziplinatan parte hartu dute gizonezko pilotariek, eta hirutan, ostera, emakumezkoek: Pilota Valentziarra, One Walla eta Joko Internazionala. Hiruetan jokatu du Arrizabalagak, eta hirutik bitan Munduko txapeldun geratzea lortu du, selekzioko kideekin batera. Urrezko domina poltsikoratu zuten bai Joko Internazionalean, bai Pilota Valentziarrean; One Wallean, ostera, brontzezkoa.
Martxoaren 28an eta 29an lehiatu zituzten, hurrenez hurren, Joko Internazionala eta Pilota Valentziarra; One Walla, aldiz, 30ean eta 31n. Joko Internazionaleko taldekako fasean, Euskal Selekzioak Valentzia, Italia, Herbehereak eta Belgika eduki zituzten aurkari. Fase horretan, Valentziaren kontra galdu egin zuten, baina finalera bigarren postuan sailkatu ahal izan ziren, eta biharamunean lehiatu zuten azken partidua, aurkari berberaren kontra. Euskal Selekzioak 6-3 seteko garaipena eskuratu zuen. Pilota Valentziarrari dagokionez, Belgika, Txile, Herbehereak eta Valentzia izan ziren euskaldunen arerioak taldekako fasean. Modalitate horretan taldeetako sendoena izan ziren, eta norgehiagoka guztiak bereganatu zituzten. Finalean, Valentziari gailendu zitzaien, 21-9 tantoko aldeagaz.
One Walleko garaipena Ingalaterra, Herbehereak, Valentzia, Belgika eta Txileren artean jokatu zuten. Lehia estuaren ondoren, Euskal Selekzioa azken orduan finaletik kanpo geratu zen. Izan ere, hala Herbeheren, nola Valentziaren aurkako partiduak berdinketa haustean, azken txanpan, galdu zituzten. Beraz, hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidua jokatzera mugatu behar izan ziren; nagusi agertu ziren Belgikaren kontra, brontzezko domina lortuz.
Olatz Arrizabalaga: “Joko Internazionalak prestakuntza eskatu dit; hilabete pasatxo igaro dut astean hiruzpalau ordu eginez, alor horretara ohitzeko”
Arrizabalaga “oso pozarren” agertu da Euskal Selekzioagaz Munduko Txapelketa lehiatzeko aukera edukitzearren: “Esperientzia berria eta oso aberasgarria izan da nire lehen Munduko Txapelketa hau. Gainera, selekzioaren koloreak defendatzea eta pilotaren espezialitate berrietan lehiakor agertzea oso ederra izan da”. Modalitate desberdinak lehiatzeko, “aspalditik” aritu da Arrizabalaga “gogor lanean“: “Pilota Valentziarrak, pilota mota izan ezik, geure ohiko jokoaren egundoko antza du. Joko Internazionala, baina, guztiz bestelakoa da: lau jokalari beste horrenbesteren kontra aritzen dira joko zuzenean, futbol zelai batean. Horrek prestakuntza eskatu dit; hilabete pasatxo igaro dut astean hiruzpalau ordu eginez, alor horretara ohitzeko”.
Arrizabalagak bere kirol konpromiso pertsonalen prestaketagaz uztartu behar izan du Munduko Txapelketako diziplinen prestakuntza
Luzera begira. Prestakuntza hori bere kirol konpromiso pertsonalen prestaketagaz uztartu behar izan du. Binakako Master Laboral Kutxa txapelketa jokatu du Andrea Capellan errioxarragaz eta Uxue Oses oñatiarragaz batera, eta lehiaketa horretarako ere “pila bat” entrenatu behar izan du. “Horrenbestez, martxoa fisikoki luzea egin zait”, argitu du. Nolanahi ere, diziplina arteko aniztasunean “oso eroso” igarri du bere burua, eta ele luzerako helburuak ere ezarri ditu: “Datorren urtean Europako Txapelketa lehiatuko da Portugalen, eta bertan egon gura nuke. Hiru urte barru, hurrengo Munduko Txapelketa Argentinan egingo dute, eta kirol helmuga polita izan daiteke bertan jokatzea”.