Fernanda Arrien Baraiazarraren txanpon urtuak Bakearen Museoaren bilduma iraunkorraren parte dira
Gernikako bonbardaketaren ostean, Fernanda Arrien Baraiazarraren Arana hotel-etxeko eta jatetxeko hondakinetatik erreskatatutako txanpon urtuak dira Gernika-Lumoko Bakearen Museoan ikusgai daudenak.
Fernanda Arrien Baraiazarrak Gernikako bonbardaketa eta gero bere Arana hotel-etxeko eta jatetxeko hondakinetatik erreskatatu zituen txanpon urtuak Gernika-Lumoko Bakearen Museoaren bilduma iraunkorraren parte dira orain. Hala, aurrerantzean museoa bisitatzen duten bisitari guztiek Arrienen, bere senar Dionisio Aranaren eta bere familiaren historiaren zati bat ezagutu ahal izango dute, familiak egindako “dohaitza baliotsuari” esker.
“2023ko apirilaren 8an, 25 urte beteko dira Bakearen Museoak lehen aldiz ateak zabaldu zituenetik. 25 urtetan, ikerketa, hedapen eta erakusketa lan handia egin dugu, diktadurako eta isiltasuneko urte askotan ahaztutako guztia argitara emateko, eta dohaitza hau da urteurren horren lehen mugarria“, adierazi dute museoko arduradunek. Aurrerago beste jarduera berezi batzuk egingo dituztela aurreratu dute, baina Baraiazarra familiatik jasotako dohaitza “oso berezia” dela aitortu dute.
Ordu aldaketa.
Bakearen Museoko arduradunek jakinarazi dute gaurtik urriaren 15era arte, asteko egun guztietan zabalduko dutela museoa: astelehen eta domeketan 10:00etatik 14:30era eta martitzenetik zapatura arteko egunetan 10:00etatik 19:00etara.