Erreferentziako Eskualdeko Zentro soziosanitario berria jarriko dute ospitaleko 3. solairuan
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak erabaki dute Gernika-Lumoko Ospitaleko 3.solairuan mendekotasuna duten adinekoentzako eta pertsona zaurgarrientzako arreta soziosanitariorako unitatea egokitzea. 25 plazako unitate soziosanitario zerbitzu berria 2026rako martxan egotea aurreikusi dute.
Mendekotasuna duten adinekoentzako eta pertsona zaurgarrientzako arreta soziosanitariorako unitatea jarriko dute Gernika-Lumoko Ospitaleko 3. solairuan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak solairu horretako kudeaketa aldundiaren esku utzi du, eta bertan kokatuko dute Barrualdeko gizarte zerbitzuen sektorerako Erreferentziako Eskualdeko Zentroa. Ekipamenduaren gestioa publikoa Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko (GUFE) profesionalekin egingo dela aurreratu dute.
Elixabete Etxanobe Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak adierazi du aldundiak “berehala” ekingo diela Barrualderako Erreferentziako Eskualdeko Zentroan egokitzeko egingo diren lan eta obrei. Jarduketa horiei aurre egiteko, aldundiak egingo duen inbertsioa 4 milioi eurokoa izango da, Next Generation EU funtsekin batera finantzatuko dutena, Estatuko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Hain zuzen ere, zerbitzua 2026rako martxan izatea aurreikusi dute.
Hala, adostutakoaren arabera, Erreferentziako Eskualdeko Zentroan 25 plazako unitate soziosanitarioa jarriko dute, ospitaleko egonaldi baten osteko suspertze eta errehabilitazio egonaldietarako baliabide espezializatuak izango dituena. Gainera, zentroak diziplina anitzeko laguntza talde espezializatu bat izango duela jakinarazi dute, eta talde horretako profesionalak arlo soziosanitarioaren, orientazioaren, koordinazioaren eta baliabide partekatuen inguruko aholkularitza lanetan arituko direla diote, baita euren inguruko egoitza zentroetan prozesu asistentzial desberdinak ezartzen laguntzeko lanean ere; zehaztu dutenez, 200 lanpostu inguru sortzea aurreikusi dute. “Ildo horretan, dagoeneko lanean ari dira Busturialdeko bederatzi egoitzekin prozesu asistentzialetan eta pertsonalizatutako arretan”, adierazi dute.
Jaurlaritzak eta aldundiek partekatzen duten Euskadiko estrategia soziosanitarioak bere baliabideen artean ditu egoitza unitate soziosanitarioak, eta berri bat jarriko dute 3. solairuan. Hain zuzen ere, zentro espezializatuak dira zentro soziosanitarioak, hainbat profiletako pertsonei zuzenduta daudenak; besteak beste, prozesu baten errekuperazio aldian dauden pertsonak artatzen dituzte, tartean, narriadura funtzionala edota kognitiboa duten pertsonak, autonomia funtzionalaren galera daukaten eta hobetu daitezkeen pazienteak, ortogeriatriako edo susperraldiko eta errehabilitazioko premiak dituzten adinekoak eta zainketa espezializatua behar dutenak. Diotenez, horiek guztiek egoitza zentroetakoak baino intentsitate handiagoko arreta soziosanitarioko ereduak behar dituzte.
Gehitu du Gernika-Lumoko zentroak Birjinetxeren arrastoari jarraituko diola: “Zentro horrek, dagoeneko, Bilborako Erreferentziako Eskualde Zentro gisa funtzionatzen du, Bizkaiko hiriburuko egoitza plazen %90 biltzen duten 39 egoitzei laguntzeko 100 leku soziosanitariogaz”. Gainera, Leioako Erreferentziako Eskualdeko Zentroa ere proiektatuta dagoela dio, “Uribeko gizarte zerbitzuen sektorerako”; zentro horrek 25 plaza soziosanitario izango ditu eta laguntza talde espezializatu bat.