Aldundiak Gaztelugatxe kudeatzeko batzordea martxan jartzearen alde egin du
Herritarren iritziak jasotzeko kontsulta publikoko prozesu bat abiarazi dute; kontsulta, gaur (apirilak 3) hasiko da eta hamabost egunez irekita egongo da.
Bizkaiko Foru Aldunditik jakitera eman dutenez, batzorde horren helburua da oraintsu Monumentu Naturalaren kategoria jaso duen babestutako enklabe honetan “hainbat eskumen eta eginkizun dituzten erakunde eta eragileen arteko beharrezko koordinazioa indartzea”.
Modu horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren asmoa da organo horretan inguru horretan garapen turistikoaren esparruan lan egiten duten beste erakunde batzuek eta ingurumenaren ikerketan eta babesean adituak diren pertsonek parte hartzea, hala nola, Eusko Jaurlaritzak, Bermeoko eta Bakioko udalek, kosten arloko eskumenak dituen Trantsizio Ekologikoko Ministerioak eta Gaztelugatxeko Doniene Santutegiaren Elkarteak. Administrazio eta erakunde horiek gobernantza-tresna horren parte izango dira, eta Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Foru Sailarekin lankidetzan arituko direla adierazi dute, “Gaztelugatxeko kudeaketan eragiten duten alderdi guztietan –ingurumena, turismoa, gizartea, kultura–.
Batzordea egituratzeko lehen pausoa eman dute. Hala, herritarren iritziak jasotzeko kontsulta publikoko prozesu bat abiarazi dute; kontsulta, gaur (apirilak 3) hasiko da eta hamabost egunez irekita egongo da. Proiektuarekiko interesa agertu duten pertsonen ekarpenak jaso ondoren, proiektua idazten hasiko direla zehaztu dute. Ondoren, idazketa amaituta, proiektua jendaurrean jarriko dute behin betiko onartu baino lehen.
SOS Gaztelugatxe plataforma Gaztelugatxe kudeatzeko batzorde sortzearen aldeko sinadurak batzen ibili zen; 2.000 sinaduratik gora bildu zituzten.