Akordioa lortu dute Busturialdeko Bizkaibuseko langileek eta zuzendaritzak
Bost hilabeteko protesten ondoren, langileek baiezkoa eman diote enpresa batzordeak eta zuzendaritzak lortutako akordioari eta bertan behera geratu dira apirilerako deitutako lanuzteak.
Bost hilabeteko protestaren ondoren, amaitu da Busturialdeko Bizkaibuseko lan gatazka. Langileen batzarrak ontzat eman du komiteak eta zuzendaritzak joan den eguenean [martxoak 30] lortutako akordioa. Horrenbestez, bertan behera geratu dira apirilerako deitzekoak zituzten lanuzteak.
Langileen %80k eman du botoa, denek aldekoa. Akordioaren arabera, azken hiru urteetan KPIaren igoera izango dute soldatek eta beste gai batzuk aurrerago jorratuko dituzte bi aldeek. Komiteak esan du akordioak ez duela “langileen eskubiderik urratzen”, eskerrak eman dizkie langileei hilabeteotan emandako erantzunagatik eta baita erabiltzaileei ere.