Paduretako ondare etnografikoaren zabalkundea bultzatu dute
Busturia, Foru, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Muruetako Udalek Aranzadi Zientzia Alkarteagaz Urdaibaiko paisaiaren historia, kultura eta ingurumen azterketaren zabalpena egitea adostu dute. Konpromisoa hartu dute euren lurretan dauden gune esanguratsuak historikoki eta kulturalki babesteko.
Urdaibaiko paisaiaren historia, kultura eta ingurumen azterketa zabaltzea adostu dute Busturia, Forua, Kortezubi, Gautegiz Arteaga eta Muruetako Udalek eta Aranzadi Zientzia Elkarteak. Bost udalerriek konpromisoa hartu dute euren lurretan dauden gune esanguratsu horiek historikoki eta kulturalki babesteko, munak eta paduretako guneak nabarmenduz. Hala, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako Itzak, Urdaibaiko kultur paisaia izeneko ikerketa zabaltzen lagunduko dute, azterlanari buruzko liburu bat argitaratuz. Azterlan horrek Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz abiatutako ikerketa lerro bati jarritzen dio.
Josu Narbarte ikertzaileak egindako lanak gizartearen eta ingurumenaren arteko harremanaren ondorioz Urdaibaiko paisaian gertatu diren aldaketak aztertzen ditu. Bilakaera horren barruan, garrantzia berezia izan duen paduren eremua ere aztertu du.
Mareen eragin eremuan kokatuta dauden espazio horiek herri lurren parte izan dira Erdi Aroaz geroztik, eta bertan hainbat baliabide ustiatu dituzte. Hala ere, XVIII-XIX mendeetan egoera hori aldatu egin zen, eta padurak pribatizatzeagaz batera, tamaina handiko drainatze egitasmoak gauzatu ziren, “munaz itxitako polderrak eratuz”. Aranzadiko ikerlariek prozesu horren nondik norakoak aztertu dituzte, artxiboetako dokumentuak eta gaur egun paisaian agerian dauden elementu materialak uztartuz.
Ikerketa amaitzerakoan, ekimena sustatzen duten udalek Aranzadik egindako ikerlana liburu batean jasoko dute, eta hori ekainean aurkeztea dela asmoa iragarri dute.
“Gure historiak gure paisaia marrazten du. Gure nagusiek landu, modelatu, aprobetxatu eta landu duten paisaia. Harreman jasangarri horretan datza gure izaera. Baina askoz gehiago da. Horregatik ikertu eta sakondu gura izan dugu gure historiaren zati garrantzitsu hau, erabilera komunalak, manuen eta polderren sorrera,…. Gure paisaiari zentzua ematen dion historia da”, nabarmendu dute ekimenaren sustatzaile diren alkateek.