Kirol kazetaritzaren plaza berria
Kirolarekiko pasioa eta komunikazioa uztartzen dituzten bost gaztek osatzen dute Izerdi Patsetan Youtubeko kanala. Horietako bat Gontzal Mendibe Miguel gernika-lumotarra da.
Txiki-txikitatik eduki izan du Gontzal Mendibe Miguelek (2002, Gernika-Lumo) kirolarekiko eta komunikazioarekiko zaletasuna. Umea zela, gogoan du mahai gainean topatu ohi zuela egunkaria eta beti kirolen atalera jotzen zuela. Telebista eta irratia ere “etxekotzat” jotzen dituen elementuak dira. “Umea nintzenean, oheratu orduko Gaur Egun ikusten nuen; gerora, aldiz, Teleberria”. Athleticen partiduak telebistaz ikusi ezin zituenean, irratia baliatzen zuen; “zelaian gertatzen zena nire buruan irudikatzen nuen”, dio.
Joseba Urkiola, Xabier Euzkitze eta Joxean Tolosaren ahotsa entzunez abiatu zuen bere komunikatzaile bidea Mendibek; gerora etorri ziren Janire Fragua, Maitane Urbieta, Xabier Garcia Ramsden edota Miguel Quintana, erreferenteen zerrenda mardulduz. Kazetaritzak eta, bereziki, kirol sailekoak beharko lukeenaz galdetuta, ez du zalantzarik: “Inpartzialtasun handiagoa eskertuko nuke; kirol kazetaritzan, adibidez, bufandismo handia dagoela esango nuke”.
Unibertsitatean elkar ezagututako bost lagun kirolzalek osatzen dute kanala
Era berean, formakuntza eta motibazio faltaz ere mintzo da gernika-lumotarra. “Esate baterako, futbol partiduak komentatu gura dituenak ezin du bere beharra ganoraz egin asteburuko hiru partiduak ikuste hutsagaz; ogibide horrek militantzia lana eskatzen du, egiten denarekiko pasioa. Horren ordaina, jakina, horretan denbora pila bat eman behar izatea da”, adierazi du. Informazioarekiko militantzia horrek elkartu zituen, hain zuzen, egun Izerdi Patsetan Youtubeko kanalaren partaide diren kideak. Kirolagaz loturiko pertsonei eginiko elkarrizketak dira beren lanaren muina. Mendibez gain, Jon Rodriguez eta Beñat Igarza durangarrek, Josu Navarro basauriarrak eta Oier Zumarraga aretxabaletarrak osatzen dute lantaldea. Hasieratik eduki zuten argi eta garbi beren proiektua plazaratzeko agertokirik aproposena Youtube zela; beraz, kide bakoitzak hoberen doitzen zitzaizkion egitekoak hartu zituen. “Guztion arteko auzolanetik funtzionatzen dugu; bakoitzak bere gaitasunak ustiatzen ditu, denon onurarako”.
Gernika-Lumokoak adierazi du pandemiak “galga lana” egin ziotela. “Eskolen jarraikortasuna eten egin zitzaigun, eta hilean bi astez baino ez ginen joaten. Orduantxe erabaki genuen, etxetik baldin bazen ere, zer edo zer egin behar genuela, geure gustuei eta senari jarraituz, eta antolatzen hasi ginen”. Elkarrizketez gain, zita esanguratsuen atarikoak edota albistegiak ere egiten dituzte.
Tourra Bizkaian hasiko den aitzakiaz, dokumental bat ekoizten ari dira
Kalitate jauzi esanguratsua. Gaur-gaurkoz, ez dira hogeira iristen kaleratu dituzten elkarrizketen kopurua; nolanahi ere, grabatuta eta landuta dituztenen zenbakia “dezente handiagoa da”, eta horrek badu arrazoia: proiektuan kalitate jauzia egiteko prestatzen ari dira. 2023ko Frantziako Tourra Bilbon hasi eta Bizkaiko hamaikatxo tokitatik pasatuko dela aprobetxatuz, Izerdi Patsetaneko lantaldeak ere gurpil biren gainean ipintzea erabaki du: “Dokumental oso berezi bat prestatzen ari gara, ziklismoa eta Tourra zutabe dituena; hainbat pertsonagaz berba egin dugu, eta erronka handia izango da guretzat”.
Rodriguez eta Mendibe dira “seguru asko” hiru atal edukiko dituen dokumentalaren buru: “Harrobia, Euskaltel-Euskadi taldea eta bertoko mendaterik entzutetsuenak landuko ditugu”. Elkarrizketatu dituzten pertsonetatik zenbait aurreratu ditu gernika-lumotarrak: “Besteren artean, David Etxebarria, Roberto Laiseka, Xabier Usabiaga, Gorka eta Ion Izagirre anaiak, Xabier Mikel Azparren edota Iban Mayo, momentuz”.
Uztaila orduko, dokumentalaren grabaketa astelehenean abiatuko den Itzulia Basque Country proban hasiko da: “Etxeko lasterketa da txirrindularitzaren zaleontzat, eta akreditazioak lortu ditugu, bertan edukiak ekoizteko”. Ekoizpen horretan kanalaren izenari ohore egingo diote, eta eurak izango dira izerditan amaituko dutenak: “Bizikleta hartu, eta ziklismoa bertatik bertara erakusteko asmoa dugu, lehen pertsonan”.
Atzera begiratuta, Mendibek ez du zalantza egiten, orain artean gehien gozatu dituen bi elkarrizketak zeintzuk izan diren galdetuta: Janire Fragua eta Xabier Euzkitze esatariei egindakoak. “Elkarrizketa orduko, Euzkitzeri buruz genuen irudia bestelakoa zen, harroputz fama zuela entzun baikenuen; dena dela, egundoko pertsona, profesionala eta kirolzalea iruditu zitzaidan. Fraguagaz ere, erreferente izanik, tentiso puntutxo bategaz hasi nuen elkarrizketa, baina lehen unetik hurbiltasuna eta konfiantza transmititu zizkidan, kameraz kanpo gomendio baliagarriak emateaz gain”.
Kukuak oker jo zion, bestalde, Iñaki Osa Goikoetxea puntista zumaiarragaz: “Goikoetxea gaixorik zegoen, baina elkarrizketa bertan behera ez uzteko gizatasuna erakutsi zuen; hori bai, bere ahulezia oso begibistakoa izan zen bai bere jarreran, bai bere erantzunetan. Igartzen zitzaion lagundu gura gintuela, baina gorputza ez zuen alde. Beste testuinguru batean, oso hobegarria izan zitekeen Zumaiako elkarrizketa hura”.
Horrez gain, Gernika-Lumoko Winter Seriesko finalaren ataritan, azkenean txapeldunorde geratutako Xabi Barandika eta Unai Lekerika herrikideei egin zizkien galderak. Finalistak “ezin hobe” portatu ziren: “Prestatutako gidoia sobera eduki nuen; hain izan zen naturala, ez nuen gidalerrorik behar izan”.
Gauza berbera pasatu zitzaion beste herrikide bategaz: Bahrain Victorious etxeko Pello Bilbao ziklistagaz. “Hasieran apur bat hotz agertu arren, segituan hartu genion neurria elkarrizketari. Bilbaok, bere ohiko seriotasunagaz erantzun arren, beti erantzun bikainak ematen ditu; gainera, galdera zabalen bat uste ez genuen bidetik erantzun zuen”. Bere ametsetako elkarrizketatua, hain zuzen, Bilbaoren taldekidea da: Mikel Landa murgiarra. “Euzkitzegaz batera, proiektuaren jaiotzaz geroztik hura elkarrizketatu gura izan dut”.
Kanalaren eguneroko beharrak eta dokumentalak suposatzen dien lankarga erantsiak oso lanpetuta ditu kideak, baina etorkizunerako erronkak ez dituzte ahazten: “Gutxienean dauden kirolei, harrobiari zein zaleei tokia egiteaz gain, kiroleko genero arteko arrakala murriztea dugu jomuga; ez da erraza, hainbat baitira kanalera eroan gura izan ditugun emakumeak, baina gehienek ezezkoa eman digute. Bide horretan, lan oso handia dugu oraindik egiteko. Kirol kazetaritzaren barruan plaza berri bat topatu dugu, baina etengabe hobetzen joan behar gara”.