Kantu Eguna berreskuratu dute
Domekan (apirilak 2) ospatuko dute Kantu Eguna. Josepa Kale Kale, Urdaibai Kantagunea eta Kanta Kanta Lorue taldeek bat egingo dute Bermeon.
Bermeoko Josepa Kale Kale, Kanta Kanta Lorue eta Gernika-Lumoko Urdaibai Kantagunea taldeko kideak kantu jiran ibiliko dira domeka honetan, (apirilak 2 ) Bermeon. 120 kantuzaletik gora batuko dira.
11:00etan hamaiketakoagaz hasiko dute Kantu Eguna, eta eguerdian udalerriko bazterrak musikatzeko eta girotzeko gogotsu daude. Azpimarratu dute kantuz kaleak betetzeko eguna izango dela, “Gernikatik Bermeoraino kantuzaleok elkartu eta gozatzeko eguna”.
12:00ak aldera, udalerriko txoko desberdinetan banatuta ariko dira, eta 14:30ak aldera Lameran elkartuko dira alkarregaz kantu jira egiteko: “Denok batera ibiltzeko asko garenez, banatu egingo gara. Eta eguraldiaren arabera bi aukera pentsatu ditugu. Aterri eusten badio, Urdaibai Kantagunekoak portu aldean ibiliko dira, Josepa Kale Kalekoak, berriz, plazarik plaza herrigunean, Taraska, Erreten eta Erribera plazetatik, eta Kanta Kanta Lorue-ko kideak, ostera, goiko kaleetatik, Arostegi, Torrontero eta albokoetatik. Etenik barik euria ari badu, ostera, Taraska, Erreten eta Erribera plazetan kantatuko dugu, talde bakoitza plaza batean egongo da, eta denok hiru plazetatik pasatzeko, txandakatu egingo gara».
Eguraldiaren arabera, eguerdiko kantu jirarako bi aukera pentsatu dituzte, eta domeka goizean bertan erabakiko dute zein egin
Herria euskal kantagintzaz bete eta herritarrak eurekin kantatzera erakartzea da euren helburua, eta eskualdeko herritarrei Bermeora hurreratu eta eurekin kantatzeko gonbidapena luzatu diete: “Euskal kantu tradizionalen transmisioa da helburua; Bermeoko Kantu Egunak zonaldeko kantuzale guztioi gonbidapena zabaltzen dio, domeka alai eta ezberdin bat pasatzeko. Dantza eta kanta egiten duen herria, bizirik dagoen herria delako!”
Urtero antolatzeko asmoa. 2019an, Pandemia aurretik, Urdaibai Kantagunea eta Kanta Kanta Lorue, lehen aldiz kantu jiran elkartu ziren Bermeon; 110 bat kantuzale “gustura” elkartu ziren Kantu Jiran: “Bizi izandakoak zapore hain ederra utzi zigunez, ekimena urtero errepikatzea erabaki genuen, baina, 2020ko COVID-19aren pandemiaren itxialdiak eta hurrengo bi urteetako prebentzio garaiak, atzeratu du hain gogotsu espero genuen eguna. Herrian talde berri bat sortu denez, eurei ere gonbidapena egin diegu. Ea gutxika-gutxika Kanta Egunari forma ematen goazen, eta herrian sendotzen “.
- 11:00: Hamaiketakoa.
- 12:00: Talde bakoitzaren kantu ibilbidearen hasiera.
- 14:30: Bilgunea eta kantu bateratsua, Lameran.
- 15:15: Bazkaria, Kasinoan.
- 17:00: Bazkalosteko lagun arteko kantuak.
- 18:30: Kasinotik jaitsiera eta azken agurra, Nestor Basterretxearen serie kosmogonikoan.