Flores Etxean gimnasio bat egiteko hitzarmena sinatu dute Muruetan
Udalak eta Dinamitxie Herri Kirol klubak bost urterako hitzarmena sinatu dute, luzatzeko aukeragaz, "bideragarritasunaren eta funtzionamenduaren arabera".
Muruetako Udalak eta herriko Dinamitxie Herri Kirol klubak hitzarmena sinatu dute Flores Etxean klubak gimnasio bat egokitu dezan.
Hala, udaletxe modura erabili izan den eraikinaren beheko solairuko aretoa erabiliko dute “euren kirol beharrak asetzeko”.
Udal arduradunek esan dute herriko elkarteei laguntzea eta muruetarren artean euskal kirola, kultura eta tradizioak sustatzea “lehentasunezko helburuak” direla udalarentzat.
Udalaren jabetzakoa da Flores Etxea, eta azaldu dutenez, hitzarmenaren bidez doan utziko diote klubari aretoa, baita ere komuna. 40 metro kuadro inguru dituen lokala da, eta aparkalekutik sarrera dauka.
Jakitera eman dutenez, kirol klubak gimnasioko makinak jarriko ditu bere erabilerarako, baina udal gimnasioko funtzioak ere beteko dituela gaineratu dute; “hitzarmenaren bidez klubak konpromisoa hartzen du Muruetako bizilagunei instalazioetara sartzen eta horiek erabiltzen uzteko”. Horretarako, baina, erabiltzaileek kuota bat ordaindu beharko dutela esan dute, eta sarrera txartel bidez izango da.
Bost urterako hitzarmena sinatu dute, baina luzatzeko aukeragaz, “bideragarritasunaren eta funtzionamenduaren arabera”.