Europa osoko ikasleak bildu ditu Prolight proiektuak
Ikasleen artean, teknologiaren bitartez jasangarritasunean eragitea du zutabe Prolight egitasmoak. Europa osoko ikasleen ordezkaritza egon da Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan egin duten aurkezpenean.
Prolight proiektua aurkeztu dute gaur, 12:00etan hasirik, Gernika-Lumoko Elai Alai aretoan. Bertan egon dira proiektu horretan partaide izan diren Europako hainbat herrialdetako ikasleak; tartean, San Fidel Ikastolakoak. Eurekin batera, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkariak ere egon dira aurkezpenean. Prolight proiektuak jasangarritasuna du ardatz: ingurunea zaintzeko bide berriak ustiatzea da egitasmoaren jomuga nagusia. Hain zuzen ere, ekimenak hiri barrutietako bizilagunak aldaketa ekologikoak eskatzen dituen neurrien “bazkide bihurtzea” bilatzen duela azaldu dute agerraldian.
Europar Batasunak babesturiko proiektua da, baina bai udalak, bai kultur etxeak zati bat ekonomikoki babestu du. Europako sei herrialde harremandu ditu: Austria, Finlandia, Grezia, Portugal, Italia eta Espainia. Karbono trantsizioaren inguruan eragite aldera, teknologia da Prolight proiektuaren giltzarria: taldelan oinarri hartuta, parte hartu duten ikasleen denetariko gaitasunak bultzatzea bilatzen dute. Birgaitze teknologikoa jasangarritasunaren mesedetan erabili dute parte hartzaileek, hau da, kultura nahiz teknologia baliatuta, ekologian eragitea eta hobekuntza jasangarriak lortzea bilatu dute. San Fidel Ikastola, Tokiko Energia Komunitateak izeneko sailagaz, lanketa horren partaide izan da.
Jose Maria Gorroño: “Ukrainako gerrak agerian utzi du Europa mailan erregai fosilen dependentzia dagoela; horrenbestez, irtenbide ekologikoak, jasangarriak eta gaurkotuak lortzea derrigorrezkoa da”
Gernika-Lumoko alkatea Jose Maria Gorroñok adierazi du proiektua “aberastasunaren sinonimo” dela: “Ingurunea jagoteko prozesuan, teknologia berriak esangura handia dute egun, eta horiek gazte-gaztetatik lantzea guztiz beharrezkoa eta onuragarria da”. Gorroñok, bestalde, Ukrainako gatazka armatuaren eraginekin erlazionatu ditu ikasleek egin dituzten ekarpenak: “Gerra horrek agerian utzi du Europa mailan erregai fosilen dependentzia esaguratsua dagoela eta, horrenbestez, irtebide ekologikoak, jasangarriak eta gaurkotuak lortzea derrigorrezkoa da”.
Denetariko proiektuak. Prolight proiektuaren partaide den San Fidel Ikastolak garaipena eskuratu zuen gazteen artean zientzia zein teknologiarekiko zaletasuna sustatzea helburu duen Lego First League txapelketan. Lehiaketa horretara aurkeztutako hiru taldeek, gainera, beraien lana jasangarritasunaren eta energia berriztagarrian alorretik aplikatu zuten. Gaurko agerraldian, txapelketan parte hartutako Sanfitek_Land, Sanfitek_Hydro eta Sanfitek Fire taldeen proiektuak jendaurrean aurkeztu dituzte, eta bakoitzaren nondik norakoak azaldu.
Sanfitek_Land taldeak umeentzako eta adinekoentzako parke autosufiziente baten diseinua aurkeztu zuen lehiaketara; parke horretan, jolasak edota ariketak egiteko elektrizitatedun makinak irudikatu dituzte. Hori horrela, goizean zehar pilaturiko energia elektrikoa gorde egin daiteke, gauez parkearen argiztapenerako erabiltzeko. Sanfitek_Hydro taldeak etxeko autokontsumora bideraturiko eta ur murrizketari aurre egiteko sistema sortu du: batetik, euri ura jaso eta pilatzeko sistema ondu dute; bestetik, ur horren filtrazio bidea jorratu dute, ostean ur ponpa bategaz berriro etxeetara bueltatzeko.
Sanfitek Fire taldeak, berriz, kiroldegien kostu energetikoa murrizteko proposamena aurkeztu du. Proposamenaren ardatza erabiltzaileen jarduna da; izan ere, beren esfortzu fisikoagaz sorturiko energia mekanikoa energia elektriko bihurtuko da, makinetan instalaturiko alternadoreen bitartez. Ondoren, energia hori guztia bateria batzuetan gordeko da, jarraian kiroldegiko sare elektrikoa hornitzeko.