Herri Babesak kamera termiko bat jaso du dohaintzan
Azaldu dute, dohaintzan jaso duten kamera termiko horrek suteak ondo itzalita dauden edota bero puntuak non dauden aurkitzeko lana erraztuko diela.
Herri Babeseko boluntarioek jakitera eman dutenez, dohaintza bati esker, Bermeoko boluntarioek kamera termiko bat daukate esku artean. Urtarrilean, iazko balantzea egiterakoan, Bermeoko Herri Babeseko koordinatzaile Jon Ojangurenek esan zuen taldean kamera termiko baten beharra zeukatela. Hori ez zeukatenez, suteetan suhiltzaileek etorri beharra zeukaten tenperatura neurtzeko.
“Boluntariook Bermeorekiko konprometituak bagaude ere, batzuetan zailtasunak izaten ditugu nahiko genukeen hoberen lan egiteko, mugak izaten baititugu. Gurea bezalako zerbitzuetan beti dago baliabide falta eta, horren aurrean, alternatibak bilatzen jarraitu dugu, eta beste behin ere, lanak bere fruituak eman ditu”, diote boluntarioek.
Azaldu dute, dohaintzan jaso duten kamera termiko horrek suteak ondo itzalita dauden edota bero puntuak non dauden aurkitzeko lana erraztuko diela. Hala, “oso eskertuta” sentitzen direla adierazi dute: “Gugatik eta guk zerbitzua ematen diogun herriagatik egin diguten dohaintzagatik. Boluntarioz osatutako talde batean pozgarria da bakarrik ez gaudela eta gure lana eskertzen dutenak daudela jakitea. Baina are pozgarriagoa da gutaz oroitzen den jendea badagoela jakitea”.
Dohaintza egin duenaren nahia hala delako, Herri Babesak ez du publiko egingo nori zuzentzen dion esker ona. “Oso garrantzitsua da batzuetan gure gainetik dauden administrazio publikoek ematen ez diguten edozein baliabide bestelako ekimen pribatuetatik lortzeko atea irekita aurkitzea”.