Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute
Hautagaien proposamena egiteko azken eguna maiatzaren 5a izango da; saria maiatzaren 19an banatuko da Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldiaren baitan.
Arrain Azokaren baitan banatzen duten Hegaluze Sarirako proposamenak aurkezteko epea zabaldu dute; aurten saria banatzen duten 26. aldia izango da.
Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari. Ohi legez, herritarrek proposamenak aurkezteko aukera daukate eta hautagaiak proposatzeko azken eguna maiatzaren 5a (barikua) izango da. Saria pertsona, erakunde, elkarte, entitate edota proiektu bati ematen diote, eta proposamenen artean arlo guztietako ekintza motak aurkeztu daitezke: kirola, enpresa, kultura, gizartea edota ekonomia arlokoak, esaterako.
Proposamenak aurkeztu gura dituzten herritarrek orri batean idatzi beharko dute aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten. Proposamenak Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu daitezke. Posta elektronikoz ere bidali daitezke turismoa@bermeo.eus- era.
Irabazlea Arrain Azoka Elkarteak aukeratuko du eta hautagai batentzako proposamen asko baldin badaude, bat izatea legez hartuko dutela azaldu dute antolatzaileek, eta ez litzateke bozketarik egingo. Hegaluze Saria maiatzaren 19an (barikua) banatuko dute, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldiaren baitan.