Egiaren Batzordeen Esperientzia Orokorraren ibilbidea aitortuko dute Gernika Sariek
Era berean, Txernobylgo hondamendiak eta Errusiako inbasioak kaltetutako adingabeekin lan egiten duten Euskal Herriko elkarteen plataformak jasoko dute beste Gernika Saria. Gernikako bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko "egitarau zabal eta oparoa" aurkeztu dute.
Egiaren Batzordeen Esperientzia Orokorraren parte diren lau erakundek eta Txernobylgo hondamendian eta Errusiako inbasoak kaltetutako adingabeekin lan egiten duten Euskal Herriko plataformako lau elkartek jasoko dituzte Bakearen eta Adiskidetzaren aldeko aurtengo Gernika Sariak.
Giza eskubideen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik jasoko dituzte sariok Argentinako, Kolonbiako, Hego Afrikako eta Ekialdeko Timorreko Egiaren Batzordeek eta Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobyleko Lagunak eta Ukrainiar Gazteak taldeek.
Argentinako, Kolonbiako, Hego Afrikako eta Ekialdeko Timorreko Egiaren Batzordeek eta Txernobyl Elkarteak, Txernobyleko Umeak, Txernobyleko Lagunak eta Ukrainiar Gazteak taldeek jasoko dituzte Gernika Sariak apirilaren 26an
Apirilaren 26an banatuko dituzte Bakearen eta Adiskidetasunaren aldeko Gernika Sariak, eta lehenengo edizioa izan zenetik, 2005etik, asko izan dira sarituak: Nobel sariak, politikariak, intelektualak, eta kultura zein gizarte elkarteak. Zehaztu dutenez, sarien epaimahaia urtarrilaren 31n bildu zen, eta aho batez erabaki zituzten aurtengo sarituak.
BONBARDAKETAREN URTEURRENEKO EGITARAUA
Biak Gernika Gogoratuzek proposatutakoak izan ziren, eta Gernika Gogoratuz Fundazioaren zuzendari Maria Oiangurenek dioenez, Txernobylgo hondamendiaren sarean lan egiten duten lau euskal elkarteren lana goraipatu gura izan dute sariokin: “Ukrainako inbasoaren eraginez eurek egindako lan guztia nabarmendu gura genuen. Aspalditik ari dira Euskal Herrian lanean, baina iaz abiatutako gerraren ondorioz, bestelako lanak egiten ere hasi dira, beste maila batean inplikatuz”.
Bestetik, munduan dauden 51 Egiaren Batzorde baino gehiagoren lana azpimarratuko dute Gernika Sariek, eta, horretarako, kontinente ezberdinetako lau batzorderen lana nabarmenduko dute, “gizarteari, erakundeei eta nazioarteko erakundeei eman dizkieten lan ibilbideak eta gomendioak eskertzeko”. Egiaren Batzordeak aldi baterako ikerketa mekanismoak dira, gerrak, diktadurak, erregimen autoritarioak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten herrialdeetan gertatutakoa argitzeko sortzen direnak. Oiangurenek dioenez, “garrantzitsua” da gerra testuinguruetan eta giza eskubideen urraketa larriak gertatzen diren lekuetan gertatutakoa argitzea: “Bakea eraikitzeko eta memorian oinarritutako gizartea eraikitzeko garrantzitsua da gertatutakoa argitzea”.
Bakearen Nazioarteko Jardunaldiak.
Egiaren Batzordeetako adituak udalerrian egongo dira, eta Gernika Gogoratuzek aurtengo Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan gai hori lantzeko aukera aprobetxatu du. “Egiaren Batzordeko aditu ezberdinetako hamabost pertsona egongo dira Gernikan, eta Egiaren Batzordeko lanak zertan datzan kontatuko digute, baita analisiak egin dituzten ekarpenak ezagutarazi ere”, azaldu du Oiangurenek.
Zehaztu duenez, Argentinako batzordeari buruzko testigantza Pablo Diazek eskainiko ditu, eta Kolonbiatik hainbat ordezkari bertaratuko dira, tartean Lucia Gonzalez, Saul Franco eta Carlos Martin Beristan. Laura Restrepo idazle eta kazetaria ere hurreratuko da udalerrira, eta hizketaldi literarioa eskainiko du, memoriari buruzko hausnarketan sakonduz; Kolonbiako bake prozesua gauzatzeko zein pauso eman ziren kontatu eta Egiaren Batzordeko lana ere partekatuko du. Ekialdeko Timor eta Hego Afrikako batzordeetako adituek ere parte hartuko dute apirilaren 24an, 25ean eta 26an izango diren jardunaldietan.
BONBARDAKETAREN URTEURRENEKO EGITARAUA
Zine Klubagaz Argentinako Egiaren Batzordearen lanean ere sakonduko dute. Izan ere, La noche de los lapices ikus-entzunezkoa proiektatuko dute apirilaren 25ean. “Filmari izenburua ematen dion izen berarekin ezagutzen den benetako gertaera irudikatzen du ikus-entzunezkoak. 1976an Argentinako diktadura militarrean 6-7 ikasle bahitu zituzten, torturatu eta desagertarazi egin zituzten. Gertaera horri buruzko filma da”. Hain zuzen ere, gertaera horren lekukoetako bat izan zen Diazek aurkeztuko du filma; egia argitzeko lan egin du, eta horrelako gehiago ez errepikatzeko lanean ari da.
Egitarau “oparoa”.
Udal ordezkariek diotenez, programa “interesgarria” prestatu dute bonbardaketaren 86. urteurrena gogoratzeko. “Sakoneko analisia” eskatzen duten gaurkotasunezko gaiak lantzen dituen programa aurkeztu dute, “eztabaidarako eta erreparaziorako” guneak zabaltzea oinarri duena.
Kristina Arana Gernika-Lumoko Kultur Etxeko zuzendariak dio udalak eta kultur etxeak udalerriko hainbat eragilerekin batera prestatu dutela “egitarau zabal eta oparoa”, bai alde instituzionalean, bai alde kulturalean. Zehaztu du Kolonbiako Egiaren Batzordearen lelopean antolatu dutela egitaraua: Etorkizuna dago, egia baldin badago.
BONBARDAKETAREN URTEURRENEKO EGITARAUA
“Alde instituzionalari erreparatuz, aurten ere, ohikoak diren omenaldiak egingo dira. Jose de Labauria alkatea izan zenari omenaldia, George Steer kazetariari eta gudariei omenaldia, 4 minutu ekimena, bonbardaketatik bizirik atera zirenen omenezko bazkaria, eta bonbardaketan hildakoen aldeko lore eskaintza Zallo hilerrian”, adierazi du Aranak.
Horiez gain, lau erakusketa egongo direla jakinarazi du, eta horietako bat ikusgai dago dagoeneko Foruen plazan: Xabier Irujoren testuak dituen Gernika 1937ko apirilaren 26 kale erakusketa. Horrez gain, Aitor Aranaren Gernika 1937 Amets gaiztoak amesten egongo da Foruen plazan; Maitane Azurmendiren Azken Bidaia kultur etxean; eta Iñaki Berasategiren 1930-1939 Gerra Zibila hobeto ulertzeko irudiak Euskadin, Elai Alai aretoan.
Erakusketetatik aparte, ikuskizunak eta familientzako jarduerak ere izango dira. “Gure ustez, kulturak basakeriatik urruntzen gaituelako, eta kontzientziak pizten lagundu behar duelako, garrantzitsua da umeak ere kontutan izatea”, adierazi du Aranak. Horregatik, literaturari eta liburuei buruzko tailerrak, dantza ikuskizunak, zine emanaldiak… eskainiko dituzte, eta Gernika-Lumoko artistak eta sortzaileak izango dira protagonista nagusiak: Iraia Ladislao diseinatzailea, Oier Plaza produktorea, Ross dantza eskola, Ziomara Hormaetxe artista… “Pertsona konkretuetatik aparte, memorian sakonduz Gernikan elkarte eta erakunde asko daude lanean, eta nola ez, parte hartuko dute programa honetan: Bakearen Museoa, Lobak, Gernika Batzordea, Gernikazarra, Gernika Memoriaren Lekuko, Gernika Garretan, Pipergorri, Sare, Zine Kluba…”, adierazi du Aranak.
Jose Mari Gorroño alkateak dio “sekulako” egitaraua dela bonbardaketaren urteurrenerako prestatu dutena, eta horretarako lanean aritu diren elkarte, eragile eta talde guztiei “esker ona” adierazi die.