Aste Santuko oporraldiari begira, adin guztiei zuzendutako egitaraua antolatu dute Bermeon
Erakusketak, prozesioak, ikastaroak, antzerkia… Aurten ere, bermeotar guztiek, ume, gazte, zein helduek ekintza ugariz gozatzeko aukera izango dute Aste Santuko oporraldian. Bermeoko Udalak, Gazteria eta Kultura sailaren bitartez eta Bermeoko Santa Vera Cruz kofradiarekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du.
Hala, apirilaren 7an (barikua), Bermeoko Santa Vera Cruz kofradiak antolatuta, 1550. urtetik egiten diren Aste Santuko prozesioek hartuko dituzte herriko kaleak; 11:00etan topaketa santuaren txanda izango da, eta 18:00etan hileta santua.
Apirilaren 14an (barikua), bestalde, Benetan Be taldearen Batetik bestera umeentzako antzerkia ikusteko aukera egongo da, Nestor Basterretxea aretoan. 18:00etan hasiko da ikuskizuna, eta sarrerek 4 euroko prezioa izango dute. Apirilaren 3tik (astelehena) aurrera salgai egongo dira Gizarte eta Kultura Etxean edota www.giglon.com webgunean.
Apirilaren 14an hasi eta 23ra bitartean, Rosa Maria Sanchezek egindako pinturak ikusgai jarriko dituzte Nestor Basterretxea Aretoan. Erakusketa, astelehenetik domekara bisitatu ahalko da, 19:00etatik 21:00etara.
Ikastaroak. 6 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteek aukera desberdinak dituzte Aste Santuko oporraldirako; batetik argazkilaritza eta bideogintza ikastaroa eta, bestetik, zientzia esperimentuak. Lehenengoa, apirilaren 11tik 14ra bitartean izango da, eta 2009tik 2014ra (9-14 urte) jaiotako gazteei zuzenduta dago. Bigarrena, aldiz, apirilaren 3tik 5era izango da, eta 2011tik 2017ra (6-12 urte) jaiotako neska-mutilek parte hartu ahal dute.
Biek ordutegi bera daukate, 10:00etatik 14:00etara; Gaztelekuan izango dire, eta bi kasuetan 25 leku daude. Parte hartu gura dutenek Bermeoko GIZen eman beharko dute izena.
Bestalde, azaldu dutenez, Bekoportalek (0-5 urte), Ludotekak (6-11 urte) eta Gaztelekuak (12 urtetik gora) udaleku itxura hartuko dute Aste Santuko oporraldian. Hainbat dira egunotarako antolatu dituzten jarduerak; “proposamen zoragarri eta dibertigarriak, adin tarte bakoitzari egokituak”.