SanFidelTek, "jardunbide on jasangarriaren adibide"
ProLight proiektuaren kidea da Gernika-Lumoko Udala, eta proiektu horren baitan garatzen ari diren ekimenak aurkeztuko ditu barikuan.
Hiriak dira kutsadura iturri handienetako bat. Lurrazalaren %2 baino gutxiago izan arren, hiri eremuek berotegi efektuko gasen isurketen %6o baino gehiago eragiten dute. Hori dela eta, “jardunbide on” jasangarriak bultzatu gura ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta horretarako lanean ari da. Izan ere, ProLight proiektuaren bazkidea da, eta proiektu horren baitan garatzen ari diren ekimenak aurkeztuko ditu udalak barikuan, nazioarteko kideen aurrean.
Europar Batasunak finantzatzen duen proiektua da ProLight, eta horren helburu nagusia da kulturaren bidez ikerketa eta ezagutza trukea sustatzea, birgaitze teknologia berritzaileei, negozio eredu jasangarri berriei eta tokiko herritarren parte hartzeari erreparatuz, Europako sei hiritan: Austria (Viena), Finlandia (Vaasa), Italia (Rovereto), Grezia (Kozani), Euskal Herria (Gernika-Lumo) eta Portugal (Oporto).
Hala, Gernika-Lumoko Udalak SanFidelTek aurkeztuko die Europako beste hiri horietako kideei, “kulturaren bidezko jardunbide on jasangarrien adibide” modura. “Ikastetxeak 200 eguzki panel jarri ditu bere estalkian, ikastolari ez ezik ikastolaren inguruko azpiegiturei ere energia berreiztagarria eskaintzeko: 150 etxebizitza, dendak eta kultur etxea bezalako eraikin publikoak hornitzen ditu”, esan du Garateak. Hala, ingurumen “aztarna murriztea eta argiaren fakturan aurreztea” ahalbidetzen die erabiltzaileei. Proiektuak urtean 885 tona CO2 isurtzea saihesten laguntzen du: “Hau da, 25 urtez karbono dioxidoaren emisioak xurgatuko dituzten 3.500 zuhaitz landatzearen parekoa da murrizketa”. Zehaztu dutenez, proiektuak 25 urteko bilakaera du, eta ingurumenean, kulturan eta ekonomian dituen “onurak egiaztatu eta aztertuko” dituzte.
Horrez gain, San Fidel Ikastolako Lego Leage Lehiaketan saritutako proiektuak ere aurkeztuko dituzte ikasleek. Proiektuek Europako agendaren balio jasangarrien transmisioaren garrantzia azpimarratzen dute, San Fidel TEK proiektuaren bitartez.
“Gure helburua gure hiri barrutietako herritarrak kulturaren bidez gaitzea eta ahalduntzea da, Europan beharrezkoa den trantsizio berdearen bazkide aktibo eta arduradun bihur daitezen”, adierazi du Jokin Garatea Gernika-Lumoko ProLight proiektuaren koordinatzaileak. Parte hartzen duten hirietako barrutiak askotarikoak dira, ikuspegi desberdinak dituzte eta aplikazio digitalak garatuko dituzte edo beste jarduera parte hartzaile kultural batzuk egokituko dituzte biztanleen alfabetatze energetikoa hobetzeko. Leku desberdinek euren esperientziak partekatuko dituzte barikuan eta “elkarri inspirazioa emango” diotela adierazi dute, “batzuen eta besteen proiektuen emaitzak ikasi eta baliatuko ahalko dituztelako”.