Koloneko minbiziaren baheketa egiten hasi dira Bermeon
50 eta 69 urte bitarteko emakumeek eta gizonek gutun bat jasoko dute, parte hartzera gonbidatuz.
Aurten ere, minbizi aurreko lesioak eta hasierako fasean dauden minbiziak goiz detektatzeko eta horrek eragindako hilkortasuna murrizteko helburuz, kolon eta ondesteko minbiziaren baheketa egiten hasi dira Bermeon; oraintsu hasi dira horiek egiten, Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitatean.
50 eta 69 urte bitarteko emakumeek eta gizonek gutun bat jasoko dute, parte hartzera gonbidatuz. Gutun horrekin batera, gorozkietan ezkutatutako odol-testa egiteko behar den kita eta hori egiteko jarraibideak ere jasoko dituzte. Lagina jaso ondoren, Bermeoko osasun zentroan jarriko diren edukiontzietan utzi beharko dituztela azaldu dute; ez da deitu edo hitzordua eskatu behar. Ondoren, probaren emaitza positiboa baldin bada, beharrezkoa izango da kolonoskopia bat egitea diagnostikoa baieztatzeko.
Aipatu dutenez, minbizi mota hau herrialde garatuetan ohikoena da, “eta gizonen eta emakumeen artean heriotza-tasa handiak eragiten ditu”. Hori dela eta, mota horretako programetan parte hartzea “oso garrantzitsua” dela diote, “proba erraz baten bidez minbizia goiz detektatu daitekeelako”. Horrek, gainera, minbizia prebenitzen eta tratamendu aukerak hobetzen laguntzen duela gogorarazi dute, “kasu askotan biziraupena eta bizi-itxaropena handituz”. Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, kolon eta ondesteko minbiziaren 1.800 kasu baino gehiago detektatzen dira urtero: “Emakumeetan bigarren tumore ohikoena da , bularreko minbiziaren ondoren, eta bigarrena gizonetan, prostatako minbiziaren ostean”.
2019an, programa egin zen lehen urtean, Bermeoko Lehen Mailako Arretako Unitateko xede-populazioaren %70,77ak parte hartu zuen. Egindako proba guztietatik (175), %5,92ak positibo eman zuten. Horri esker, unitate horretan, 103 minbizi-aurreko lesio (positiboen %58,86) eta sei minbizi kasu (%3,43) hauteman zituzten. Gainerakoak, minbiziak ez diren lesioak edo beste patologia batzuk izan ohi direla adierazi dute.