Gernikartez: arte terapiak adinekoen estresean duen eragin positiboa neurtzeko podcasta
Alejandro Fernandez de la Vega eta Peio Rivas ekintzaileek arteak "onura terapeutikoak" dituela eta pertsonen "bizi kalitatea" hobetzen lagun dezakeela baieztatu gura dute podcastagaz.
Alejandro Fernandez de la Vega eta Peio Rivas ekintzaileek Gernikartez izeneko podcasta sortu dute, arte terapiak adinekoen estresean duen eragin positiboa neurtzen duen podcasta. Europako Vitalise proiektuaren baitan kokatzen da ekimena, eta kluster teknologikoarekin eta Gernikako Udalarekin batera garatzen ari dira.
Ekintzaileek jakinarazi dute, ongizate emozional eta sozialarekin lotutako osasun egoeraren, bizimoduaren, ohituren eta jokabideen pertzepzioa aztertzen duen Aegon V. Osasun eta Bizimodu Azterlanak jasotzen duenaren arabera, espainiarren %80k baino gehiagok estresa jasan duela 2022an, eta horietako %63 izan direla 65 urtetik gorako pertsonak.
Hain zuzen ere, egoera iraultzeko asmoz, arteak “onura terapeutikoak” dituela eta pertsonen “bizi kalitatea” hobetzen lagun dezakeela baieztatu gura dute podcastagaz, izan ere, 60 urtetik gorako pertsonen estres maila hobetzeko tresna bilakatzeko helburuagaz sortu dute. Hala, artea eta kultura uztartu dituzte, eta adineko pertsonen estres maila hobetzeko unean arte terapia eraginkorra den edo ez egiaztatu gura dute bi gazteek. Horretarako, azterketa bat egingo dute podcasta entzungo duten 60 urtetik gorako pertsonekin, euren pultsazioak eta garun jarduera monitorizatuz eta datuak jasoz.
Artea eta kultura uztartu dituzte, eta adineko pertsonen estres maila hobetzeko unean arte terapia eraginkorra den edo ez egiaztatu gura dute bi gazteek
Podcasteko atal bakoitza diziplina artistiko desberdin batean dago oinarrituta, eta udalerrian egindako kultur jarduerak ditu oinarri –Libututegien Nazioarteko Eguna, antzerkiak zein kontzertuak–, udalerriko hainbat pertsonaren ahotsak jasotzen dituztenak. “Lehen kapituluak literaturaren, musikaren eta zinemaren onura terapeutikoetan oinarritzen dira, eta laster magia edo dantza bezalako gaiei buruz atal berriak entzungo dituzte”, jakinarazi dute.
Adinekoek horiek entzun ahala, euren helburua izango da pertsona horien garunaren joerak aztertzea. “Kapituluen estimulua jasotzen ari diren pertsonen gorputzetatik erantzun positiboa jaso daitekeen egiaztatu gura dugu, haien estresa eta pultsazioak neurtuz, podcastaren edukiari estimulu positiboekin erantzun diezaioketela egiaztatzeko, eta, horrela, ongizate integrala lortzeko”, azaldu dute. Izan ere, euren premisa da podcastaren edukiak positiboki estimulatzea entzuleen garuna, “eta, ondorioz, horien egoera fisikoa eta mentala hobetzea”.
Hori aztertzeko, Gaiaren gidaritzapena garatuko dute azterlana. Teknologiako klusterrak ikerketa garatzeko behar diren teknologia eta langileak jarriko ditu, eta erloju adimenduek ematen dituzten teknologien bidez neurtuko dituzte estimuluak. “Teknologia horrek lagina osatuko duten pertsonen bihotzaren taupadak, arnasketa eta garun erantzuna jasoko dituzte”, zehaztu dute, eta egindako azterlanetik ateratzen diren ondorioak Vitalise Europari aurkeztuko dizkiote. Izan ere, proiektuak programa horren finantziazioa du, “Europako osasunaren eta ongizatearen esparruan ikerketa eta berrikuntza irekiko funtsezko jarduerak sustatzen dituelako”, laborategi bizidunen bidez; hau da, esperimentaziorako ingurune errealak sortuz, non erabiltzaileak produktu eta zerbitzu berriak sortzeko eta berritzeko prozesuan inplikatzen dituzten.
Hain zuzen ere, Gernikartez podcastak kulturaren industria bultzatzeko eta unibertsitateko ikasleak udalerriko kultura errealitatera hurbiltzeko udalak antolatutako hackathon batean du oinarria.