Lamia eta Atorra erraldoiek gomazko erreplikak izango dituzte
Gomaz egindako panpinek 23 zentimetro inguru izango dituzte eta Turismo Bulegoan jarriko dituzte salgai.
Mundakako Udalak dagoeneko oniritzia eman du gerora Turismo Bulegoan salgai jarriko diren erreplikak ekoizten hasteko; hain zuzen ere, Lamia eta Atorra erraldoien gomazko erreplikak izango dira, eta panpin itxura izango dute.
Jakitera eman dutenez, eskualdeko artisautzan eta gomazko erraldoien birsorkuntzan espezializatuta dagoen Iruñeko Olentzero enpresa lanean hasita dago errepliken modelatzea egiten. Gomaz egindako panpinek 23 zentimetro inguru izango dituzte, eta Irati Gondra Mundakako alkateak esan du “kolore eta xehetasun handiz” erreproduzituko dituztela aratuste mundakarraren pertsonaia klasikoak.
Hala, lamien eta atorren jantzi tradizionalen xehetasun guztiak ikusi ahal izango dira, eta “jostailu gisa ez ezik, bildumarako irudi gisa” ere erosi ahal izango direla aipatu du alkateak.
Ekimen horren bidez, udalerriko “sinbolo adierazgarrienetako” bi hilezkortu gura izan ditu udalak, “mundu guztiak, haurrek zein helduek, betiko izan ditzaten”. “Errepliketako bat eskuratzen duten pertsonek Mundakako historia eta kulturaren zati bat eroango dute, hau da, aratusteak eta bere pertsonaiak”, nabarmendu du Gondrak.