Ikasle guztien beharrak bermatuko dituen hezkuntza eredua aldarrikatuko dute Ikasle Abertzaleek, etzi
Ikasle Abertzaleak antolakundeak grebara deitu ditu Hego Euskal Herriko ikasleak etzirako (martxoak 30), "enpresari handien hezkuntzak miseriara kondenatzen" dituela salatzeko.
“Langile klasearen interesak lehenetsiko” dituen eta ikasle guztien beharrak bermatuko dituen hezkuntza eredua aldarrikatuko dute Ikasle Abertzaleek etzi. Ikasle greba deitu dute horretarako, eta Enpresari handien menpeko hezkuntzak miseriara kondenatzen gaitu lelopean mobilizatuko dira; izan ere, iazko ikasturtetik ari dira hezkuntza erreforma berriak jopuntan jartzen. Diotenez, hezkuntza sistemak “enpresari handien interesei” erantzuten die: “Ikasle guztion interesak bermatuko dituen hezkuntza eredua ez da enpresari ezta politikarien eskutik etorriko”.
Hala, ikasleen ongizatea “gutxi batzuen interes ekonomikoen gainetik” jarriko duen doako hezkuntza unibertsala aldarrikatzeko mobilizazioa egingo dute etzi, 12:00etan, Bilbon; bertara joateko autobusak jarri dituzte Busturialdean: Bermeoko Lameran 10:30ean elkartuko dira eta Gernika-Lumoko geltoki handian, berriz, 11:00etan.
Diotenez, hezkuntza sistema “enpresari handien menpe dagoen instituzio bat gehiago” da: “Gainerako zerbitzu publiko eta gizarteko arloen antzera, krisi garaiotan ziklo ekonomiko berrira egokitzen ari dira hezkuntza sistema ere. Eraldaketa prozesu horrek, bere ondorioak ditu bigarren hezkuntzatik hasi eta unibertsitateraino, lanbide heziketan barne”. Salatu dute eliteentzako hezkuntzaren lehen funtzioa dela “negozio errentagarria” izatea: “Horren adibide dira Fabrikazio Aeronautiko Aurreratuko Zentroa bezalako asoziazio baten bitartez mila milioitik gorako irabaziak izan dituzten enpresak”.
Egungo ereduak ikaslearen adimen garapena “ez duela bermatzen” adierazi dute: “Hezkuntza prozesuaren fase goiztiarrenetik diziplinamendu zorrotza aplikatzen da. Horren adibidea da bigarren hezkuntzako eredu penitentziarioa: 7 orduz ikasgelan eserita eta sumisio egoran irakastea, ikaslearen adimen garapena baino garrantzitsuagoa da gaur egun. Bestetik, helburu horri berari eusten diote halaber, edukiaren hustuketak eta lan karga itogarriak, unibertsitatean, zein derrigorrezko asistentziak eta praktikaldiak, lanbide heziketan”.
Hezkuntza “elitizatzen” eta ikasle langile asko bertatik “kanporatzen” dabiltzala dio IAk
Hezkuntza eredu horrek “lan karga handietara eta ziurgabetasunera ohitzeko gaitasuna eskuratzea” duela helburu diote, eta ikasketa prozesutik kanpoko jardun oro epaitua, zigortua eta indarrez isildua dela adierazi dute. “Ezin adibide garbiagoa dugu EHUn: ikasle greba bateko piketeetan parte hartu izanagatik espedientea zabaltzeko mehatxupean daude 34 ikasle, kanporatuak izatearen arriskuan”, adierazi dute.
Ikasle abertzaleek uste dute “baldintza ekonomiko kaskarrenak” dituzten ikasleek “zailtasun gehiago dituztela” ikasketa prozesuan aurrera egiteko. “Unibertistatearen matrikulatzen den ikasleriaren %21ak gradua amaitu aurretik uzten ditu ikasketak, eta horiek burutzea lortuta ere, master garestiek gero eta garrantzia zein kostu handiagoak dituzte. Lau urteko graduaren kostua bikoizten duen urtebeteko mastera ordaindu ezean, ez du askorako balio graduko tituluak kasu gehienetan”. Ondorioz, “hezkuntza elitizatzen” eta ikasle langile asko “bertatik kanporatzen” dabiltzala salatu dute, “ahalegina baino dirua delako ikasketetan aurrera egiteko baldintza”.
Horren aurrean, politikari profesionalak erreforma aldaketak egitera mugatzen direla adierazi dute ikasleek. “Politikariak enpresari handien esanetara daude eta hezkuntzari buruzko erabakimen oso txikia baino ez dute. Zentzu horretan, ikasleok zirku horretatik kanpo antolatu eta gure interesak defendatu behar ditugu”.