Udaltzaingoak segurtasun uhalaren erabilera kontrolatuko du
Herriko puntu desberdinetan egingo dituzte kontrolak gaur hasi eta domekara bitartean.
Bermeoko Udaltzaingoak segurtasun uhalaren erabilera kontrolatzeko kanpaina abiarazi du, eta aurten, gainera, Ertzaintzagaz batera egingo dutela jakitera eman dute. Gaur (martxoak 27) bertan hasi dira kontrolak egiten, eta apirilaren 2ra (domeka) bitartean, herriko puntu desberdinetan egingo dituzte kontrolak. Uhalaren erabilera kontrolatzeaz gain, kontzientziazioa ere bilatzen dutela zehaztu dute.
Aste Santuko oporraldia hurbil dagoela baliatuz martxan jarri dute kanpaina. “Jendeari ulertarazi gura diegu zein garrantzitsua den segurtasun uhala erabiltzea”, esan du Aritz Flores udaltzainburuak. Kontrolak egiteaz gain, arriskuen berri ere ematen diete gidariei, eta eskuorri bat ere banatzen dute. Gogorazi du herri barruan segurtasun uhala erabiltzea “beharrezkoa” dela, eta Bide Segurtasunari buruzko legeak adierazten duenez, segurtasun uhala ez erabiltzeak lau puntu galtzea dakarrela.