Odola usaindu eta ehizara jo: Arrizabalaga eta Oses, txapeldun
Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek 14-22 irabazi diete binakako MLK txapelketako finala Amaia Aldairi eta Nora Mendizabali, maila handiko partidua jokatu ondoren.
Olatz Arrizabalaga gernika-lumotarrak denboraldiko helburu nagusietako bat bete du: binakako Master Laboral Kutxa txapelketa irabaztea. Atzo jokatu zuten finala, mailako aurkarien kontra: Amaia Aldai dimoztarra eta Nora Mendizabal andoaindarra. Uxue Oses oñatiarra eduki zuen bikote Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan, finalaurrekoan bezalaxe. Partidu lehiatua eta gogorra jokatu ondoren, 14-22ko markagailuagaz nagusitu ziren Arrizabalaga eta Oses.
Partiduak, hasiera-hasieratik, final handiek eduki ohi dituzten osagai denak izan zituen: bikote biak urduri eta gerrarako prest kantxaratu ziren, eta borroka estreinako tantotik abiatu zuten. Aldaik eta Mendizabalek argi eta garbi utzi zuten beraien estrategia: Oses atzealdeko koadroetan jipoitzea eta pilotak Arrizabalagaren gainetik pasaraztea, azken hori jokotik ateratzeko.
Lehen tantoetan, dena dela, berdintasuna nabarmendu zen: 1-1, 2-2, 3-3 eta 4-4 joatera iritsi ziren. Mendizabalek, bere eskumakadekin, Osesen ezker eskua astintzen segitu zuen, baina oñatiarrak erasoaldi guztiei aurre egin zien finalean. Arrizabalagak, “eutsi eta eutsi egiten duen atzelaria” dela adierazi arren, final handian hori baino askoz gehiago egiteko gai dela frogatu zuen. Osesek aurkariek jaurtiriko pilotakada gaitz denak bikain eroan zituen; hori gutxi ez, eta atzealdea Mendizabalen aurka dominatzeko gai izan zen.
Gernika-lumotarrak 9 tanto egin zituen txapelketako azken partiduan
Partidu erditik aurrera, are begibistakoagoa egin zen Arrizabalagaren ehiztari sena, eta bere gantxoekin min handia egin zuen. Ordutik amaierara arte, Arrizabalagak eta Osesek gora eta gora baino ez zuten egin, eta tantoz tanto beren errenta marduldu zuten. Nolanahi ere, azken tantora arte ez zirela “guztiz seguru” egon azaldu du gernika-lumotarrak: “Aldai moduko aurrelari batek edozein momentutan partiduari buelta eman diezaiokeen dinamika har dezake; horrenbestez, 21. tantoan ere tentsioari eusten saiatu ginen”. Garaipenak, baina, ez zien ihes egin. Gainera, berak egindako 9 tantoko dinamika bikainagaz sinatu zuen binakako MLK txapelketako azken partidua.
Olatz Arrizabalaga: “Giltzarri izan zen partiduan suertaturiko denetariko egoeren aurrean erabaki egokiak hartzea”
Erabaki egokiak hartzea. Arrizabalagak adierazi du finaleko garaipenaren gakoetako bat uneoro “beren buruaz seguru” eta “erabaki egokiak hartuz” aritzea izan zela: “Ez ginen urduritasunean erori, eta jokaldiz jokaldi seguru azaldu ginen. Aurkariek, adibidez, hiruzpalau aldiz aldatu zuten materialez; guk, ostera, material bizi berberari eutsi genion. Horrek guztiorrek are gehiago urduritu zituen Aldai eta Mendizabal, eta guri, berriz, puntutxo gehigarri bat eman zigun geure alde. Oro har, giltzarri izan zen partiduan suertaturiko denetariko egoeren aurrean erabaki egokiak hartzea”.
Txapelketa irabazteak denboraldiko “helburu handietako bat betetzat ematea” esan gura du Arrizabalagarentzat: “Buruz burukoagaz batera, urteko helmugetako bat izan da. Tartean prestakuntza legez baliatuko ditudan txapelketak egongo dira, baina horiek biak dira aurtengo jomugak. Momentuz, garaipenaz gozatzea eta indarrak berreskuratzea besterik ez dut gura, eta gero gerokoak”.