Besaldek 2.058 kilo jaki batu ditu Sahararako
Norbanakoen diru laguntzak ere jaso dituzte; 860 euro batu dira elikagaiak erosteko. 'Piztu Itxaropena' XIX. Euskal Karabana Bilbotik abiatuko da apirilean.
Besalde Bermeoko Sahararen aldeko elkarteak Piztu Itxaropena Euskal Karabanarako jakiak batu ditu aurten ere Busturialdean, eta urtero egin legez, batutakoaren berri eman du. Aurten 2.058 kilo jaki batu dituztela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Urtero egin legez, herritarrei eskerrak eta informazioa ematen egon ziren atzo, Lameran.
Aurten eskualdeko hezkuntza zentroetan eta San Frantzisko elizako arkupeetan batu dituzte jakiak. Kanpaina “bikain” atera dela esan dute. Batutako janariaz gain, norbanakoen diru laguntzak ere jaso dituzte; 860 euro batu dira. Batutako diru hori jakiak erosteko erabili dutela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Osasun materiala ere batu dutela aipatu dute, baita ere 77 betaurreko.
Beste urte batzuetan egin modura, Bermeoko Udalak diru laguntza eman du, aurten ere. Hain zuzen ere, 4.000 euro eman ditu, eta karabanako logistikarako erabiliko dituzte.
Azken urteetan egin modura, kamioirik karga ez eta batutakoa furgonetetan eroan dute Ugaoko biltegira, bi bidaia eginez.
Kanpainan parte hartu duten norbanako, elkarte, denda, enpresa, hezkuntza zentro eta udal guztiei eskerrak eman dizkiete, baita ere parrokiei eta San Frantzisko parrokiara, bilketa egiteko lokalak uzteagatik.
Jakitera eman dutenez, Piztu Itxaropena XIX. Euskal Karabana Solidarioa Bilbotik abiatuko da apirilean, Busturialdean eta Euskal Herriko beste hainbat herritan egindako bilketagaz.