Martitzenetik aurrera erabilgarri egongo da Aingerubideko gimnasio txikia
Iñaki Inzunzak abiatu zuen proiektua, eta haren omenez egin dutela adierazi dute udal ordezkariek. Gimnasioa erabili gura duten herritarrek bertara sartzeko txartela eskatu beharko dute martitzenetik aurrera, udaletxean; 08:00etatik 15:00etara eskatu daiteke txartela.
Atzo inauguratu zuten busturiarrek Aingerubideko gimnasio txikia, eta martitzenetik aurrera kirol instalazio berriaz gozatzeko aukera edukiko dute 18 urtetik gorako herritarrek.
Aurreko agintaldiko kirol zinegotzia izan zen eta zendu zen Iñaki Inzunzak abiatu zuen proiektua, eta haren omenez egin dutela adierazi dute udal ordezkariek. Izan ere, egungo agintaldian kirol zinegotzia den Maitane Zearretak Inzunzaren lanagaz jarraitzea erabaki zuen, eta proiektua gauzatzea lortu dute. “Inzunzak izan zuen ideia, eta horregaz aurrera jarraitzea eta eta gimnasioa egitea erabaki genuen. Haren omenezko proiektua da”, adierazi dute udal arduradunek.
Busturiko Axpe auzoko Aingerubideko Kultur Etxearen goiko solairuan atontu du gimnasio txikia udalak, eta hori erabili gura duten herritarrek gimnasiora sartzeko txartela eskatu beharko dute martitzenetik aurrera, udaletxean; 08:00etatik 15:00etara eskatu daiteke txartela. Aurten, urtea hasita dagoenez, 40 euroko kuota ordaindu beharko dutela adierazi dute, eta datorren urtean, berriz, 50 eurokoa.
Gimnasioak ordutegi “zabala” edukiko du, 06:00etatik 23:00etara. Hala, kuota ordaintzen duten erabiltzaileek txartel bidez edo telefono mugikorreko aplikazio bat erabilita –JustIn Movile aplikazioa– zabaldu ahalko dute gimnasioko atea.
Mota askotako kirol makinak jarri dituzte, muskulu guztiak lantzeko bestekoak. “Makina bakoitza oso ondo azalduta dago, eta modu errazean erabil daitezke”, azaldu zuten atzo, gimnasioaren inaugurazio ekitaldian.
Alokairuan jarri dituzte kirola egiteko makinak, eta horien mantenuaz enpresa berdina arduratuko da. “Enpresa bera arduratzen da makinen mantenua egiteaz eta horiek konpontzeaz. Hori abantaila bat da udalarentzat, izan ere, udalean arazoa koordinatzen den momentutik konpontzen den arte denbora asko igarotzen da, eta sistema honen bidez, enpresakoak zuzenean arduratzen dira konponkentez, modu arinagoan”, azaldu dute.
Aldi berean, hamabi pertsona egon ahalko dira gimnasioan, eta eraikinak aireztapen egokia izango duela diote. Izan ere, aerotermia sistema ezarri zuten azaroan. “Eraikinean tenperatura bera momentu guztian zehar mantentzeaz gain, eraikineko airea ere berrituko du sistema honek”, diote.
Takilak eta aldagelak beheko solairuan daude, baina momentuz dutxak ez dira erabilgarri egongo adierazi dute arduradunek. “Beheko materiala behean bakarrik erabili ahalko da, goian ez; goian makinak bakarrik erabil daitezke”, diote.
Herritarren eskaeriak. Busturiako udal arduradunek herritarren eskariak ere kontutan izan dituztela diote, herrian kirola egiteko leku itxi bat eskatzen zutelako. Hala, herritarrentzako beste udal zerbitzu berri bat eskainiko dute: “Bermeo eta Gernika-Lumoko kiroldegiekin hitzarmena dugu, baina herrian bertan ere, kirola egin ahal izateko gunea edukitzea garrantzitsua da. Herri handietako kiroldegietan lekurik ez zeukatela esaten ziguten busturiarrek, makinak okupatuta zeudela beti, eta eurei zerbitzu hau eskaintzea erabaki dugu”.
Jakinarazi dutenez, aurrera begira, Busturia Zabaltzen aplikazioa jarri gura dute martxan, horren bidez herritarrei jakinarazteko gimnasioan lekua dagoen edo ez. “Lehenengo hilabete hauetan ikusiko dugu zelan funtzionatzen duen gimnasioak, eta gero, joango gara aurrerapausoak ematen”, esan zuten atzo.