'Ku-ku!': umeak eleaniztasunean hezi nahi dituzten gurasoei laguntzeko liburuxka
Ume jaio berriak dituzten familiei banatu die liburuxka Mundakako Udalak, eta liburuaren helburua da guraso askok seme-alabak ingurune elebidunean edota eleanitzean hezteko orduan izan ditzaketen kezkak modu dibertigarri eta didaktiko batean argitzea.
Urtero modura, aurten ere, ume jaio berriak dituzten eta euren seme-alabak euskaraz hezi gura dituzten familiei Ku-Ku! Haurrekin hitz egiten hasteko liburuxka banatu die Mundakako Udalak. Liburuxkaren helburua da gurasoek seme-alabak ingurune elebidunean edota eleanitzean hezteko orduan izan ditzaketen kezkak “modu dibertigarri eta didaktiko” batean argitzea.
“Guraso askoren kezka da hori, eta udaleko euskara zerbitzua horren jakitun da. Ondorioz, egoera horretan dauden gurasoentzat, edota, beste barik, euren seme-alabekin euskaraz egin gura dutenentzat argitaratu du liburua udalak”, azaldu dute, eta ekimenagaz seme-alabekin euskaraz berba egiteko aukera bermatzea bilatu dutela adierazi dute.
Hain zuzen ere, Irati Gondra herriko alkateak dio familia barruko “transmisioari esker” gorde dela euskara: “Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza bada ere, galtzen joan da urteetan. Belaunaldiz belaunaldi eta ahoz ahoko transmisio horrek gaur ere garrantzi itzela dauka. Izan ere, familia bidezko transmisioa dugu, zalantzarik barik, hizkuntza jasotzeko modurik natural, aberats eta eraginkorrena”. Eta transmisio hori errazteko kaleratu dutela liburuxka azaldu du alkateak.
Lau zatitan banatuta. Liburuxka lau zatitan dago banatuta. Hasieran, umearen hizkuntza trebetasunaren garapen prozesua azaltzen du argitalpenak, eta seme-alabak eleaniztasunean hezteak sortzen dituen hamaika galdera erantzuten ditu, gero. Hiztegi labur batek jarraitzen dio atal horri, eta hurrengoan, umeekin berba egiterakoan egiten diren “akats ohikoenak” zelan zuzendu behar diren dakar. Liburuagaz amaitzeko, seme-alabekin “gozatzeko jolasak eta abestiak” bildu dituzte.
Liburuak DVD bat ere badakar, ariketak egiteko, berbak eta esamoldeak euskaraz entzuteko eta txikienek euskaraz jolasteko. Jakinarazi dutenez, editoreek mugikorretarako –Android eta iOS– aplikazio bat sortu dute, DVDaren edukia jasotzen duena.
Gondrak dio liburuxkagaz umeek “erraz-erraz” ikas dezaketela euskara: “Etxean, eskolan edota kalean ikas ditzakete hizkuntzok. Hizkuntzak jakitea beste edozein abilezia bezalakoa da, nortasunaren parte da; ondo moldatzeko umeak praktikatu beharra du, eta horretan gurasoen laguntza ezinbestekoa da”.