Ikastetxe inguruetako mugikortasun arazoari "premiazko konponbidea" ematea adostu dute
Allende Salazar Herri Ikastetxeko eta Seber Altube Ikastolako eskola komunitateek Gernika-Lumoko EAJ, EH Bildu eta Guztiontzat Herria alderdiekin adostu dute ikastetxe horien inguruan dagoen "mugikortasun arazoari premiazko konponbidea" ematea.
Gernika-Lumoko Allende Salazar Herri Ikastetxeko eta Seber Altubeko eskola komunitateak “arduraz” bizi du ikastetxe horien inguruan mugikortasunari dagokion “segurtasun falta”, eta, ondorioz, bi ikastetxeetako eskola komunitateek Gernika-Lumoko EAJ, EH Bildu eta Guztiontzat Herria –Jose Mari Gorroñoren alderdi berria– alderdiekin adostu dute “mugikortasun arazo horri premiazko konponbidea” ematea.
Horretarako, “egoera eraldatzeko asmoz”, hiru alderdi politikoek eta bi ikastetxeek “elkarlanean” lan egingo dutela adostu dute, eta proposamena osatzeko eta proposamenari jarraipena emateko “azterketa sakon bat egitea” erabaki dute, aurten. “Gure umeek eta gazteek merezi dutelako. Bide onetik goaz”, adierazi dute batzuek eta besteek.
Izan ere, ikastetxe horien inguruan, ordu jakin batzuetan, 2.000 herritar inguru biltzen dira, eta, salatu dute, “zoritxarrez”, kotxeek jarraitzen dutela eremu publiko horren “jaun eta jabe” izaten. “Udalerrian egun arruntetan geratzen den pertsona pilaketa altuenetakoa egoten da inguru horretan, eta kotxeek jarraitzen dute jaun eta jabe izaten”, adierazi dute.
Arazo nagusia oinezkoek duten “eremu txiki eta desegokia” dela adierazi dute agerraldian, eta horren erakusle diren hainbat ezaugarri zerrendau dituzte: ikastetxeen inguruko espaloi guztiak estuak direla, ikastetxeetako sarrerak ez daudela pertsona kopuru handiak biltzeko egokituta, kotxeek gehiegizko abiadura darabiltela, zebrabide batzuk ez direla behar bezain ongi ikusten, edota ikasleak garraiatzen dituzten autobusentzako geraleku egokiak falta direla.
Segurtasun arazo horiek konpontzea “premiazkoa” dela adierazi dute, eta gaineratu dute, ikastetxe eremu horretan iriste erraztasuna bermatzeko hobekuntzak bideratzea “oso garrantzitsua” dela “umeen bizi ohitura osasuntsuak bultzatzeko eta beraien autonomia sustatzeko”.
“Horregatik, eskola komunitate bien artean, elkarlanean, umeen eta familien joan-etorri seguruak bermatzeko proposamen bat osatu dugu. Eta proposamen honek eskolen inguruan dauden segurtasun zein mugikortasun arazoak eta konponbide posibleak biltzen ditu”, azaldu dute.