Mundakako Udala udalerriko zuhaitzen egoera aztertzen ari da
Mundakako Udala herriko zuhaitz guztien “jarraipen zehatza” egiten ari da, haien osasuna zehazteko, haien bilakaera gertutik ikusteko eta urteak igaro ahala zer bide hartzen duten ikusteko.
Azterketa amaitu ondoren, herritarrei emaitzak helaraziko dizkiete, eta egin beharreko hobekuntza jardueren berri emango dute. Irati Gondra Mundakako alkateak azaldu duenez, ondorioak atera eta hobetzeko eta zuzentzeko neurri zehatzak proposatuko dituzte. Adibidez, kaltetutako edo gaixotutako ale guztiak ordezkatu beharko dituztela aurreratu du.
Kaleetako zein parke garrantzitsuenenetako zuhaitzen “azterketa sakona” da. Gondrak gogoratu bezala, “hiriguneek eta bertako biztanleek zuhaitz osasuntsuak behar dituzte, eta are gehiago krisi klimatikoaren garaian”. Zuhaitzek herrian zein herritarrengan dituzten onurak aipatu ditu: “Hiriko zuhaitzek hainbat onura eskaintzen dituzte inguruan. Hiria edertu eta espazio publikoa hobetzeaz gain, airea garbitu eta zikinkeria gutxitzen dute, kutsadurarako eta hautserako iragazki gisa jardunez. Era berean, estresari eta inguruko zaratari aurre egiten diete, pantaila akustikoaren efektuagatik”.