Gaztelugatxera joateko autobus zerbitzua jarriko du udalak Aste Santuan
Autobus zerbitzuaz gain, bisita gidatuak ere eskainiko dituzte apirilaren 6tik 10era bitartean. Gainera, apirilaren 1etik 16ra bitartean, Bizkaibusek Bermeo eta Bakio arteko zerbitzua indartuko du, eta geldialdia egiten du Gaztelugatxen.

Iaz abiarazitako proba pilotuaren “arrakasta” kontuan izanda, aurten ere, Bermeoko Udalak Gaztelugatxerako autobus zerbitzua eta bisita gidatuak antolatu ditu Aste Santurako, hain zuzen ere, apirilaren 6tik 10era. Udalak azaldu duenez, ekimenak bi helburu ditu; batetik, garraio publikoa sustatzea eta aparkatzeko arazoak saihestea eta, bestetik, bisitariak Bermeora erakartzea eta haiei Gaztelugatxeko balio naturalak eta historikoak lehen eskutik azaltzea.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak dio, Gaztelugatxe Bizkai, Araba eta Gipuzkoako “baliabide turistiko garrantzitsuenetako” bat dela, eta bisitari kopuru handia hartzen duela: “Kultura eta ingurumen aberastasun handiko ingurunea da, eta guztion artean zaindu behar dugu”.
Ibilgailu partikularrak Gaztelugatxe ingurutik aldendu gura ditu udalak, azken urteetan “arazo handiak” egon baitira inguru horretan: “Bisitari asko bere auto partikularrekin hurbildu izan dira bertara, eta pilaketek segurtasun arazoak sortu dituzte”. Era berean, ibilgailua Pergolako aparkalekuan uzten duten bisitariek, Bermeo ezagutzeko eta bertan eguna pasatzeko “aukera paregabea” izango dutela adierazi du alkateak: “Bisitariak Bermeora erakarri gura ditugu bertan kontsumitu dezaten”. Halaber, Gaztelugatxeren balio natural eta historikoa balioan jarri eta bisitariei horren berri emateko, informazio puntu bat (10:00etatik 12:45ak arte) jarriko dute Pergolako aparkalekuan, herrian dagoen turismo bulegoaz gain.
Bisita gidatua eskainiko dituzten autobusak Lamerako autobus geltokitik eta Pergolako aparkalekutik abiatuko dira, 10:30ean eta 12:30ean. Bisitariek gida turistiko bat izango dute zain; Urdaibai Biosfera Erreserbaren, Matxitxakoko lurmuturra eta itsasargiaren, Matxitxakoko gudaren, Gaztelugatxeko Biotopoaren eta Gaztelugatxeko San Juani buruzko informazio jasoko dute joaneko bidaian. Ondoren, bigarren gida turistiko batek ongi etorria emango die bisitariei Gaztelugatxeko baselizaren inguruan. Bertan, besteak beste, Bermeoren eta inguruaren arteko harreman estuaz, arrantzaleen sinesmen eta ohiturez ariko dira… Bueltako bidaian, Gaztelugatxeri buruzko bitxikeriak azalduko dituzte.
Bizkaibus gehiago. Bizkaibusek Bermeo eta Bakio arteko zerbitzua indartuko du, eta Gaztelugatxen egiten du geldialdia. Modu horretan, autoa Pergolako aparkalekuan utzi ahal izango dela gogorarazi dute, eta 10:00etatik 20:00etara orduro hartu ahalko da autobusa Bermeotik. Bakiotik, orduro, 09:30etik 19:30era.