Mundakako merkatarientzako eta ostalarientzako doako itzulpen zerbitzua eskaintzen du udalak
Mundakako merkatariek eta ostalariek doan erabili dezakete udalaren itzulpen zerbitzua, euren kartelak, oharrak, menuak eta abar. euskaraz "modu egokian" jartzeko.
Udalerrian “euskararen presentzia indartzeko” helburuagaz, Mundakako Udalak bere itzulpen zerbitzua merkatari eta ostalarien esku jarri du euren jarduerarekin lotutako kartelak, oharrak, menuak eta abar. “modu egokian itzuli” ahal izateko. Horrekin batera, testuak zuzentzeko doako zerbitzua ere eskaintzen du: “Mundakako merkatariek eta ostalariek doako itzulpen-zerbitzu bat dute jada bezeroei begira sortzen dituzten dokumentu guztiak itzultzeko”.
Irati Gondra alkatearen hitzetan, zerbitzuaren helburua da euskarari kalean lekua ematea eta Mundaka euskaraz bizi den herria dela erakustea da, eta nabarmendu du horretarako “ezinbestekoa dela herriko dendetan eta ostalaritza-guneetan euskara erabiltzea: “Izan ere, gure herria udalerri euskalduna da, non herritarren % 70 baino gehiago euskaraz komunikatzeko gai den. Hala eta guztiz ere, euskara hizkuntza gutxitua da, eta, beraz, gure babesa eta sustapena behar ditu, eta, horretarako, beharrezkoa da herrian negozioak dituzuenen ekarpena”. Merkatariak eta ostalariak eta euren eguneroko lana “euskararen erakusleiho handiena” direla esan du.
Itzulpen zerbitzua erabiltzeko eskaerak udalera deituta (94-617 72 00) zein posta elektronikoz harrera.mundaka@bizkaia.org helbidera idatzita bideratu daitezke.