Hezkuntza euskaraz izan behar dela aldarrikatuko dute euskaltzaleek, etzi
Euskarazko hezkuntza eskatzeaz gain, euskararen eta euskaldunen "aurka" epaileak egiten ari diren "oldarraldia" salatu dute. 12:00etan aterako dira Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, eta bertara joateko hitzordua jarri du Mobiduk Gernika-Lumon, 10:30ean, autobus geltokian.
Hezkuntza sisteman euskara bermatzea eskatzeko mobilizazioak deitu dituzte eguenerako (martxoak 23) Gazte Euskaltzaleen Sareak eta EHUko euskara taldeek, eta horiekin bat egin dute euskagintzako hainbat erakundek, tartean Euskalgintzaren Kontseiluak eta Behatokiak. Euskarazko hezkuntzaren alde mobilizatzeaz gain, euskararen eta euskaldunen aurkako “olarraldia” salatu eta “jarrera euskarafoboen” aurka egingo dute: “Ustez gure belaunaldiak gainditutzat zeuzkan diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu”. Hori ikusita, erantzun beharra dagoela uste dute, eta Hezkuntza euskaraz izan behar da lelopean mobilizazioak deitu dituzte; Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean izango dira mobilizazioak. 12:00etan aterako dira Bilboko Jesusen Bihotza plazatik, eta bertara joateko hitzordua jarri du Mobiduk Gernika-Lumon, 10:30ean, autobus geltokian.
Hezkuntza euskaraz izan behar dela aldarrikatuko dute euskaltzaleek: “Euskarak aurrera egin behar duen eremuetako bat da hezkuntza. Gure eskubidea da, eta dagokiguna eskatuko dugu”. Izan ere, diotenez, ikasketak euskaraz egitea “trabaz beteriko” bidea da Euskal Herriko ikasleentzat. Salatu dute euskaraz ikasten dutela esan ohi den arren, hezkuntza prozesu hori ezin dutela %100ean euskaraz gauzatu. Hala, hezkuntza euskaldun bat bermatzeko aldarrikapenak kaleratu dituzte: euskarazko hezkuntza prozesua %100ean bermatuko duen langile euskaldunen kontratazioa; erabiltzen diren eduki guztiak euskaratuta egotea; hezkuntza eremu euskaldundua, paisaia linguistiko osoa ahalbidetuko duena; eta Euskal Herrira egokitutako hezkuntza eredua eskaintzea.
Maiatzean beteko da urtebete Gazte Euskaltzaleen Sareak lehen manifestazioa egin zuenetik, eta ordutik ez dira geldirik egon: “Herrietan, auzoetan eta ikastetxeetan Gazte Euskaltzaleen Sarea zabaltzen eta gazteok euskaraz bizitzeko euskubideen aldeko borrokan eragile aktibo izan beharra aldarrikatzen ari gara”. Hala ere, “beste batzuk ere” mugitu direla diote: “Duela ia urtebete aipatzen genuen euskaraz bizi nahi dugunon aurkako oldarraldi politikoak, juridikoak eta mediatikoak ez du etenik izan denbora honetan. Badirudi, herritarrok gehiegi aztoratu barik, noraino hel daitezkeen neurria hartu nahian dabiltzala”.
“Oldarraldi” horrek “gogor” jo duela euskara uste dute, “bai euskaldunon hizkuntza eskubideen urraketan ahalbidetuko dituzten epaien bidez, bai urraketa horiek justifikatzeko diskurtsoen bidez”. Uliazpi egoitzako epaia azpimarratu dute. “Marra gorri guztiak gainditu ditu. Bertako langileen aurkako eta, batez ere, herritar zaurgarrienen euskaraz bizitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena izan da. Baina ez hori bakarrik, euskararen normalizazioa aurrera eramateko dauzkagun oinarri juridiko ahulak eta ez nahikoak hankaz gora bota nahi dituzte”, adierazi dute. Salatu dutenez, “epaileak eta magistratuak hizkuntza politika erreakzionarioak” garatzen ari dira: “Eraso zuzenak egiten ari dira gure herriak –aurreko belaunaldiek– hizkuntza politikak garatzeko eskuratutako eskuduntzen aurka”.
Egoera horren aurrean, erantzun beharra dagoela adierazi dute: “Epaitegietatik garatzen ari diren gurutzada bidegabe horri planto egin eta nahikoa dela esateko garaia da”. Eta testuinguru horretan kokatu dituzte etziko mobilizazioak: “Hezkuntza euskaldunaren aldeko mobilizazioan kaleak bete behar ditugu. Euskara aurrera eraman nahi dugun testuinguruan kokatzen dugu hilabete hauetan guztietan bizitzen ari garen erasoaldia. Erasoaldiek erantzun herritar bat behar dute, gure hezkuntza, gure etorkizuna eta gure eskubideak direlako jokoan daudenak”.
Hori, baina, bidean egin behar den urrats bat baino ez da euskalgintzako eragileentzat. “Ezinbestekoa eta beharrezkoa da, baina argi dugu ez dela nahikoa. Urrats gehiago egin beharko dira. Horregatik, eroasoaren neurriko erantzuna emateko deitu nahi ditugu gizarte eragileak, eragile sindikalak eta eragile politiko eta instituzionalak.