Hiru herri eta plaza bat
Kabelinatxe Eguna ospatu zuten zapatuan (martxoak 18), Nabarnizen. Kabelinatxe Dantza Taldeko, Basotxoritxu Dantza Taldeko eta Artie Dantza Taldeko dantzariek eskaini zuten emanaldia.
“Hiru herri eta plaza bat, herri bat eta hiru dantza talde bertan elkartuta”. Berba horiekaz hasi zuten 17:30ean dantza saioa. “Kantatzen duen herri bat ez bada inoiz hilko, dantzatzen duten hiru herri ez dira inoiz herdoilduko”, azpimarratu zuten Kabelinatxe Dantza Taldeko ordezkariek. Txikia izanagatik handi direla, eta dantzak batzen dituela eta hori dela “euren indarra” gogoratu zuten.
Antolatzaileek euren gonbidapena onartu eta eguna eurekaz konpartitzeagatik eskerrak eman zizkieten Ibarruriko eta Gautegiz Arteagako dantzariei, eta bertaraturako denei ondo etorria eman zieten: “Ongi etorri izan zaitezte danok Kabelinatxe Egunera, herrira sartzen dena nabarniztar hartzen dogun Illuntzar magaleko txoko txiki eder honetara”.
Dantzari Dantzagaz hasi zuten emanaldia. Banangoa, Ezpata Joko Txikia eta Txotxongilo dantzatu ostean, Uztai Handi egin zuten. Segituan, Olagueko Esku Dantza eta Gipuzkoako Makil Txiki dantzatu zituzten, eta saioa borobiltzeko, ume zein gazte, dantzari denak irten ziren Polka eta Mahai Gaineko dantzatzera.
Jai giroak ez zuen etenik izan; iluntzea EinGO eskolakoek musikatu zuten, eta dantzan eta kantuan aritu ziren tabernarik taberna, triki-poteoan. Gauean, berriz, Nabarniz Jatetxean afaldu zuten, eta bertan ere Bingo musikatuagaz abesteko aukera eduki zuten.
Ā