Herriz Herri programak gizarte eragin positiboko ekimenak bultzatuko ditu Mundakan
Aukera berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzak bultzatzea da BBK-k eta Mundakako Udalak sinatutako hitzarmenaren helburua. Programaren baitan, lau ekimen bultzatuko dituzte: Eten Digitala tailerra, garapen jasangarria bultzatzeko Escape Rooma, 'Mercedes Bakardade Ikusezina' erakusketa eta 'Artearen Ibilbidea' ekimena.
Mundakan eragin sozial positiboa lortzeko asmoz, Mundakako Udalak eta BBK-k hitzarmena sinatu dute, eta Herriz Herri izeneko programaren bidez, Mundakan gizarte proiektuak bultzatuko dituzte. Gaur goizean aurkeztu dute programa Mundakako alkate Irati Gondrak eta BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendari Nora Sarasolak.
Aukera berdintasunaren, gizarteratzearen eta lurraldearen garapenaren alde egiten duten ekintzak bultzatzea da programaren helburua, lehikortasun iraunkor eta jasangarriaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ikuspegitik. Hori dela eta, Herriz Herri ekimenari esker, lau proiektuz “gozatu” ahal izango dute mundakarrek: Eten Digitala tailerra, Garapen Jasangarrirako Helburuei buruzko Escape Rooma, Bakardade Ikusezina erakusketa eta Artearen Ibilbidea ekimena.
Eten Digitala izeneko tailerretan, arrakala digitalak heldu eta adinekoengan dituen ondorio negatiboak gutxitzeko lan egingo dute, euren telefono mugikor eta kolektiboarentzat interesgarriak diren aplikazio batzuen oinarrizko erabilera landuz: SOS Deiak, Osakidetza, WhatsApp edota online banka.
Garapen Jasangarrirako Helburuak “modu ludikoan” lantzeko asmoz antolatu dute Escape Rooma: “Modu ludiko, murgiltzaile eta parte hartzailean ezagutarazteko dago diseinatuta”. Areto batean egingo dela aurreratu dute, eta bertan hainbat proba gainditu beharko dituzte parte hartzaileek helburu berarekin: planetarentzat etorkizun hobea lortzea. Gazteei zuzendutako ekimena dela dio Gondrak: “Gure etorkizunaren zaintzaz sentsibilizatu eta etorkizuna euren eskuetan dagoela adierazteko ekimena da”.
Bestalde, batez ere adinekoei eragiten dien gizarte arazoa da bakardade ikusezina –nahi ez den edo gura bako bakardadea–, eta hori ikusarazteko erakusketa bat prestatu dute. “Herritarrak kontzientziatu gura ditugu zaintzaren eta elkartasunaren bidez lotura komunitarioak eta sozialak indartzearen garrantziaz”, azaldu dute. ‘Mercedes, bakardade ikusezina erakusketa udal liburutegian eskainiko dute, bertan kokatuko baitute Mercedesen eskultura. “Pandemiak areagotu egin zuen bakardade hori, eta gure nagusien egoera hori landu beharra dago; gizarte zerbitzuetatik eta administraziotik lan hori egitea ezinbestekoa da”, adierazi du alkateak.
Artearen Ibilbidea, berriz, BBK-k eta Bilboko Arte Ederren Museoak elkarlanean gauzatutako ekimena da, eta arte atea kultura Bizkaiko lurraldera eta herritarrengana hurbiltzea du helburu, gune publikoetan jarritako artelanen kalitate handiko erreprodukzioen bidez. “Kulturalki Mundaka oso aberatsa da, eta herriko pertsona eta elkarte ezberdinek guzti hori bizirik mantentzeko egiten duten lan handia nabarmentzekoa eta eskertzekoa da.Hori dela eta, erakusketa prestatu dugu, arteari eta kulturari gertutasuna emateko helburuagaz”, dio Gondrak.
Sarasolak azaldu duenez, BBK-k “udalerri guztietan eragin” gura du, gizarte “inklusiboa” bultzatzeko: “Gizarte Ekintzak lurraldeko udalerri guztietan eragina izatea bilatzen du, guztiontzako Bizkaia inklusiboa, oparoa, kohesionatua eta jasangarria eraikitzeko”. Herriz Herri ekimenagaz, “lehen sektoreari laguntzea, adinekoen bakardadearen aurka borrokatzea, eten digitala murriztea, klima aldaketaz kontzientziatzea eta gizarte osoaren erronkei aurre egiteko proiektuak garatzea” da asmoa.
Gondrak administrazio ezberdinen arteko lana “beti dela positiboa” adierazi du, eta esan du programa honen bidez adin ezberdineko herritarrentzako ekimenak eskaintzea dela bilatu dutena: “Hori dela eta, nagusientzako eten digitalaren tailerra aukeratu genuen, gaur egun digitalki prest egotea ezinbestekoa delako. Udaletik beti lagundu izan ditugu gure nagusiak”.
Kultura eta hezkuntza. Ekimen eta proposamen horiez gain, elkarlanean antolatuko dute, ohi legez, Urdaibaiko Esentziak Azoka. “Lehen sektoreko eta batik bat Busturialdeko eskualdeko ekoizleei ateak zabaltzeko aukera da, euren produktuak erakusteko, saltzeko eta balioan jartzeko erakusleihoa”, dio Gondrak. Eta, lan horretan, BBK-ri esker ona adierazi dio, egurrezko kasetak uztearren.
Udako kale liburutegian ere erabiltzen dituzte horiek, eta aurten ere, uztailean eta abuztuan zerbitzu hori eskainiko dutela jakinarazi du alkateak. “Txorrokopuntan arratsaldez jartzen den zerbitzu irekia da, eta bertan irakurketa bultzatzeko gunea eskaintzeaz gain, tailerrak ere nabarmentzekoak dira. Liburutegia herritarrengana gerturatzen dugu, kalean kohesionatzen dugu, eguzkiaz eta itsasoaz batera gozatzeko. Pozarren gaude hitzarmen hau Mundakarako ona delako”, adierazi du alkateak.
BBK-k bultzatzen duen Herriz Herri programa Bizkaiko 80 udalerritan baino gehiagotan egogno da, eta 36 milioi baino gehiago bideratu dituzte hori gauzatzeko.