Eskualdeko gazteak Ernairen 10. urteurrena ospatzeko elkartu dira Gernika-Lumon
Dana aldatzen gabiz lelopean batu dira Busturialdeko gazteak gaur (martxoak 18), Gernika-Lumon. Ernai Gazte Antolakundearen 10. urteurren honetan, gazteen bizi baldintzak duintzeari buruzko lanketan sakontzen ari dira: “Gaurko egitarauaren helburua da Busturialdeko gazteok eskualde eredua eta gazteok ditugun lan eta bizi baldintzak lantzen hastea, eta, horretarako, goizean solasaldia eduki dugu. Gure lan baldintzen ingurukoa izan da, hartu-emanekoa, eta gure zalantzak argitu ahal izan ditugu”. Hain zuzen ere, LAB sindikatuko kide bat gonbidatu dute horretarako.
Harizpe Txokoan izan da hitzaldia, eta bertan bazkaldu dute. Arratsalderako, berriz, Gazte sortzaileak mahai ingurua prestatu dute; Leire Vargasegaz, Koldo Gezuragagaz eta Janire Arrizabalagagaz ariko dira berbetan: “Arratsaldean eduki gehiago barneratzeko mahai-ingurua daukagu. Diziplina desberdinetan dabiltzan gazte sortzaileekaz ibiliko gara solasean, eta, amaitzeko, eskaintza musikala edukiko dugu eguna borobiltzeko”.
Solasaldiaren ostean, 19:00ak aldera hasita, Izaro Bilbaok eta Ane Mei Aspiazuk eskainiko dute kontzertu akustikoa, Arranon.
Gazte Topagunea. Bizitzeko Modu Bat aldarripean, aurtengo Gazte Topagunea apirilaren 6tik 9ra izango da Elorrion, eta hori ere hizpide izan dute: “Gaurko beste helburu bat topagunera begira komunitatea lantzea izan da. Hau da, gure komunitateagaz egun bat hartzea alkarregaz egoteko, lanketa teoriko hori egiteko”.