Solluberen trazadura berriko lanetan 66 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute
Besteak beste, bihurguneak kentzea eta 315 metroko tunela, hirugarren errei bat eta galtzada zabalagoak egitea jasotzen duen proiektua aurkeztu dute gaur (martxoak 17), Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Gaur-gaurkoz idazketa-fasean dago proiektua, eta 2024ko udaberrian behin-behinean onartu ostean, obrak 2025ean hastea aurreikusi dute. Lanak bi urtetan egingo dituzte.
Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak eta Aritz Abaroa Bermeoko alkateak Bidebieta eta Sollube gainaren arteko BI-631 errepideko trazadura berriaren proiektuari buruzko xehetasunak eman dituzte gaur (martxoak 17), Bermeoko Arrantzaleen Museoan.
Bizkaiko Foru Aldundiak 66 milioi inguru bideratuko ditu lanetara, Padralesen berbetan, “inbertsio erraldoia da, eta proiektua ez da promesa, errealitatea da”. 2021ean hasi zuten eta egun idazketa-fasean dagoen proiektuaren mugarri nagusiak ezagutarazi dituzte goizean; diputatuak zehaztu duenez, ingurumen legeak betetzeko beharrezkoak diren baldintzak aztertzeko eta proiektuan sartzeko beharrean ari dira momentu honetan.
Proiektuaren behin-behineko onarpena 2024ko udaberrirako aurreikusi dute. Obrak 2025ean hasi ahal izatea eta bi urtetan amaitzea espero dute. Errepidearen zati arriskutsuenetan trazadura “erabat aldatuko da”. 7km pasatxotan egingo dituzte lanak; besteak beste, bihurguneak kendu, 315 metroko tunela, hirugarren erreia, galtzada zabalagoak eta Sollube gainan biribilgunea egingo dituzte.
Azpiegitura “seguruagoa eta hobeto konektatuagoa” izango da, Bermeorako eta eskualderako “garapen ekonomikoa garatzen eta herritarren bizi-kalitate hobetzen lagunduko duena”. Teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspuntutik proiektu “errealista” dela ziurtatu du Pradalesek: “Hau da posible dena. Inbertsio hau oso beharrezkoa da baita ere Bermeo eta eskualdea Bizkaian gero eta gertuago eta integratuago edukitzeko”.
Lanen xehetasunak. Proiektuan hiru jarduketa-tarte diseinatu dituzte, eta horien nondik norakoak azaldu ditu Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako diputatuak. Lehen tartea, egungo errepidea zuzendu eta hobetzeko da. Bigarren tartean, azpiegitura berri bat eraikiko da: tunel bat, tunel faltsu bat eta ibilgailu geldoentzako hirugarren errei bat. Eta hirugarren zatia Cannon jatetxeraino doana da, eta egungo errepidea egokituko dute.
Jarduketaren lehen tartea Bidebietako biribilgunearen ondoren hasiko da. Proposatutako trazadurarekin, eremu horretan, luzera laburreko eta erradio txikiko bihurguneen segida bat dago. 24+800 KPan noranzkoa aldatzea aurreikusten da, bihurguneak kendu, eta proiektatutako trazaduraren azpitik pasabide bat eginez. “Bihurguneak kenduta eta ibilgailu geldoentzako hirugarren erreiagaz, tarte horretan, 80 kilometro orduko abiadura baimenduta egongo da, eta tarte guzti horretan galtzada zein bazterbideak zabalduko dira”. Azpiko pasabide horri esker, Bermeorako noranzkoan doazen ibilgailuek eta Bidebietako biribilgunearen ostean dauden baserrietako bizilagunek norabidea aldatu ahal izango dute.
Bigarren tartea 25+200 KPan hasiko da, eta azpiegitura berria sortuko dute. Tarte hori da ikuspegi teknikotik “zailena eta konplexuena”. Gaur egun, 2,7 kilometroko errepide-tartean bihurgune itxiak eta bihurgunetsuak daude, eta bide berri bat egingo dute, zabalagoa, ibilgailu geldoentzat hirugarren errei bat, mendi azpiko 315 metroko tunel bat, 130 metroko tunel faltsu bat eta biribilgune bat izango dituena.
Tunela gurutzatu ondoren, trazadura Sangrazilo errekaren gainetik igaroko da. Ondoren, bi aldiz gurutzatuko du galtzada Landaenagoikoaren hegoaldean, tunel faltsu batekin. Hortik aurrera, trazadura berria eta orain dagoen errepidea biribilgune baten bidez lotuko dituzte, eta, bertatik, Landaenagoikoko etxebizitzei ere zerbitzua emango dien bide bat aterako dute. Trazadura hasten denetik biribilgune horretaraino, ibilgailu geldoentzako hirugarren errei bat egingo dute.
(Bideoa: Bizkaiko Foru Aldundia)
Biribilgunetik abiatuta, proiektatutako hirugarren eta azken tartea hasiko da: “Errepidea hobetzea da helburua, ahal den neurrian dagoen plataforma aprobetxatuz, eta Sollube gainean, Cannon jatetxearen parean, biribilgune bat egingo dugu, sarbideak berrantolatzeko, ezkerrera biraketak kentzeko eta noranzkoa aldatzeko”.
“Hitzetatik ekintzetara”. Bermeoko alkateak esan bezala, “eskaera sozial bati erantzuna” emango dion proiektua da, eta proiektuagaz “hitzetatik ekintzetara” pasatu dira. Hala, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren zein Pradalesen konpromisoa nabarmendu eta eskertu ditu. Esan duenez, aldundiarentzat proiektu estrategikoen barruan sartzen da, eta hori proiektuak aurrera egingo duenaren bermea da bermeotarrentzat.
“Sollube Bermeoko ikur bat da, baina muga batzuk suposatzen ditu egunero lanera eta ikasketak burutzera mugitu behar dutenentzat. Eskualdeko bizilagunen bizi-kalitatea eta segurtasuna hobetzea ahalbidetuko duen proiektu hori aurrera eramatea lortu dugu. Proiektuak, era berean, tokiko enpresen lehiakortasuna areagotzea ahalbidetuko du, gure eskualdeko garapen ekonomikorako aukerak hedatuko baititu”, azpimarratu du Abaroak.