Pandemian Gernika-Lumon jaiotako umeen familiek landaketa egingo dute asteburuan
Zapatuan (martxoak 18) 12:00etan ipini dute hitzordua, Trama baserriko gunean.
Koronabirusaren pandemian, 2020-2022 urteen artean, jaio ziren 343 ume gernikarrek haritz propioa izango dute. Horien familiei zuzendutako deialdia zabaldu du udalak zapatu honetarako (martxoak 18). 12:00etan hasiko dute landaketa, Trama baserriko gunean (Lumo).
Udaletik zehaztu dutenez, 2020an 102 ume jaio ziren Gernika-Lumon, 2021ean 108 ume, eta 2022an 133 ume. “Udalaren helburua da haritzez birpopulatzea Bilbearen inguruko lurretan dauden ia bi hektareako azalera, gaur egun pinuz eta eukaliptoz beteta dagoena”.
Aurreratu dutenez, proposamena datozen urteetan jaiotzen diren umeei zabalduko zaie, “mila zuhaitzeko kopurua osatu arte”.